Pasa den urteak utzitako likidazioaz eta herriko osasun egoeraz eztabaidatu dute otsaileko osoko bilkuran

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 27a, 09:57

2020ak zortzi milioi euroko likidazioa utzi du eta EAJk alde bozkatu du Udal Gobernuak egindako proposamena, bakoitzak bere arrazoiak emanda. Galde erreguetan, jeltzaleek informazio gehiago eskatu zioten alkateari, eta hark erantzun. Gazte emantzipaziorako eta sormenerako dirulaguntzak eta Araozko ostatuaren proiektuko hirugarren faseko hitzarmena ere, Udalaren eta auzoaren artekoa, aho batez onartu zituzten.

Eguenean, otsailak 25, egin zuten otsaileko osoko bilkura eta Amaia Erostarbe jeltzaleak hitza hartu zuen galde erreguen tartean herriko osasunaren inguruko galderak egiteko, intzidentzia-tasa metatuarekin jeltzaleak "oso kezkatuta" daudela adieraziz hasieran.

Segidan, gaiari lotutako hainbat galdera egin zizkion jeltzaleen izenean alkateari, informazio gehiago eskatuz. Esaterako, galdetu zion zeintzuk diren gaiaz berba egiten duten osasun adituak, fokuak non sortu diren, herriko guneak desinfektatzen ari ote diren edo lan hori areagotu den azken aste hauetan, Udal Gobernuak bestelako neurririk hartzea pentsatzen ote duen, Udal eskumenekoak diren eraikinak denbora batez ixtea, adibidez, Azpeitian egin duten modura, eta egubakoitzetan alkateek Aldundiarekin egiten duten bilera nolakoa izaten den eta Oñatiko egoeraz hitz egin ote duten.

Alkateak, Izaro Elorzak, galdera guztiei erantzun zien banan-banan. Gaiaren jarraipena Oñatiko osasun zentroko arduradunekineta Debagoienako Ospitaleko OSI-ko zuzendaritzako kideekin batera ari direla egiten, horiek direla berak aipatu izan dituen osasun adituak. Fokuei buruz, erantzun zehatzik edo konkreturik, izenik, ez diotela eman esan zion nahiz eta baheketaren berri danok jakin. Hala ere, fokuak lokalizatuak daudela gaineratu zuen. Guneak desinfektatzeari buruz, Elorzak erantzun zion pandemia hasi zenetik, joan den urteko martxotik, ari direla Udal brigadako langileak lan horretan eta maiztasuna ez dutela gehitu inork ez dielako esan espazioren bat edo beste sarriago garbitzea beharrezkoa edo komenigarria dela; "ez dago zantzurik gune horietan sortzen edo zabaltzen direla kontagioak". Udal zerbitzuak ixteari buruz, Elorzak aipatu zuen Azpeitian hori egin zenean egoera ere beste bat zela, orduan ostalaritza esaterako itxita zegoela, egungo egoera beste bat dela eta, printzipioz, osasun adituek gomendatutako neurriekin jarraituko dutela -maskara erabili, eskuak garbitu eta eta harremanak ahalik eta gehien murriztu-. Egubakoitzetako bilera horren inguruan, osasun arduradun bat egoten dela erantzun zuen alkateak, txostena irakurtzen zuena, eta orain artekoetan Oñatiren egoera ez dela aipatu. Galderei erantzuten zien neurrian, alkateak behin baino gehiagotan esan zion Erostarberi egoeraren aurrean egiten ari diren lan guztiaren jakitun dela jeltzaleen bozeramaile Ainhoa Galdos. Amaia Erostarbek adierazi zuen beraiek ez luketela gaizki ikusiko neurri gehiago hartzea.

Zortzi milioi euroko likidazioa 2020ak

Gai zerrendako puntuen bueltan joan den urteko likidazioaren gainean eztabaidatu zuten udal zinegotziek. Zortzi milioi euroko gerakina utzi zuen; horietatik 3,5 milioi geratuko lirateke libre, kreditura eta martxan dauden proiektuetara -kiroldegia, natur eskola eta Araozko ostatua- bideratuko delako gainerakoa.

Udal Gobernuaren proposamena da proiektu horien likidazioari gehitzea kopuru hau eta orduan ikustea zein beste proiektu estrategikotan sartu edo zein beste behar egon daitezkeen herrian, pandemiak sortutakoak barne. Jeltzaleek ondo ikusi dute ideia, baina proiektuekin aurrera egiteko eskatu zieten; Araozko ostatuarena, adibidez, fase gehiago landu beharrean hasitakoak bukatzea.

Araotz eta gazteendako dirulaguntzak

Hain zuzen ere Araozko ostatuaren hirugarren faseko, horniketa, akordioa egitea ere onartu zuten otsaileko osokoan, Udalaren eta auzoaren arteko hitzarmena egitea. Bestalde, gazteendako dirulaguntza sortak ere onartu zituzten aho batez: 65.000 euro emantzipaziorako 18 eta 35 urte bitarteko gazteendako eta 15.000 euro sormen proiektuetarako.

Otsailaren 27an Sahararen bandera udaletxeko fatxadan jartzea ere onartu zuten. Baita Martxoak 8 egunari lotutako adierazpen instituzionala ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak