Laugarren Beratu jaialdia abiatzeko, azken ukituak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 26a, 15:51
Anna Andreu eta Marina Arrufat musikari katalanak. Argazkia: Natxo Medina.

Martxoaren 19tik 21era bitartean askotariko musika emanaldiekin gozatzeko aukera izango da Oñatiko musika jaialdian; oraindik ez dago sarrerak eskuratzeko aukerarik, baina laster izango dira Oñati.eus-en, Txokolateixan eta herriko plazako Totem-ean.

Ez dira kultur ekitaldiak antolatzeko garairik onenak; hala ere, Beratu Musika Elkarteak Udalaren eta herriko hainbat eragileren laguntzarekin antolatzen duten Beratu jaialdiarekin aurrera egitea erabaki du. "Inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu laugarren jaialdia antolatzea musika-industria jasaten ari den kolpea arintzen laguntzeko eta baita, orokorrean, gizarteari halako eskaintzek egiten dioten ekarpenagatik ere", azaldu dute Beratu Musika Elkarteko kideek.

MUSIKA "ESKAINTZA ORIGINALA" BERATU JAIALDIAN, MUSIKA INDUSTRIARI LAGUNTZEKO ASMOZ

Neurri murriztaileen eraginez aldaketak etor daitezkeen arren, martxoaren 19an hasi eta 21era bitartean egiteko prestatu dute. Ikasturteko bigarrena izango da; izan ere, azaroan egin zuten iazko martxoan bertan behera geratu zena. "2020. urtea hirugarren jaialdia nola egin berrasmatzen jardun izanaren sentsazioa dugu, baina azaroan egin genuenean izan zuen harrera ikusita, zalantzarik ez genuen izan 2021era begira jartzeko".

Parekidea eta euskalduna

Euskal Herriko musika jaialdi txikien zirkuituan dagoeneko leku bat du jaialdiak. Hastapenetatik argi erakutsi dute bultzatzaileek egitarau parekidea, musika estiloari dagokionez zabala eta, bereziki, musikari euskaldunei tokia egitea direla euren premisak. "Emakumeak dira, bereziki, aurten protagonista, eta, Anna Andreu ezik, beste guztiak euskaldunak dira. Zerbait ezberdina eta originala eskainiko dugula uste dugu; jarrita entzuteko moduko eskaintza oparoa izango da. Kartela Ane Agirre Bikuñak egin du eta jaialdian sortzen den klima islatzen du: musikaren organikotasuna eta lasaitasuna".

Aitor Etxebarria eta bere taldekideak Markak dokumentalaren soinu banda grabatzen. Argazkia: A. E.

Etxebarriari, gonbidapen berria

Iazkoan egin nahi zuten moduan, Markak dokumentalarekin zabalduko dute egitaraua. Gernikaren bonbardaketari buruzkoa da, Hannot Mintegiak zuzendu eta Aitor Etxebarriak musikatu duena; agertokian izango diren musikariek zuzenean eskainiko dute filmaren soinu banda. "Konfinatua zegoenez ezin izan zuen Etxebarriak etorri, baina behin baino gehiagotan erakutsi digu Beratu barrutik ezagutzeko gogoa, eta bi proiektu aurkeztuko dizkigu: dokumentalaren soinu banda, egubakoitzean, beste bost musikarirekin batera, eta Nihilism Part 1 bakarkako lana, domekan, Lazarraga lorategian; eta, eguraldi txarra egiten badu, gaztelekuan".

Usopop kolektiboarekin elkar-lanean lotu dute martxoaren 19rako, herri kanta eta musika klasikoa uztartzen dituen eta Lapurdiko eta Nafarroa Behereko musikariek osatzen duten Habia taldearen emanaldia. Hari-instrumentuak eta ahotsa uztartzen dituen hirukotea Maia Iribarnek (biolina), Elena Hairak (biola) eta Amaia Hiriartek (biolontxeloa) osatzen dute.

Katalanak eta etxekoak

Aurtengo gonbidatu berezia Anna Andreu izango da. "Bikote formatuan etorriko da Andreu abeslaria eta gitarra-jolea, zapatuan, Marina Arrufatekin (teklatuak eta bateria); Andreuk udaberrian argitaratu zuen Els Mals Costums katalanez abestutako lana aurkeztuko dute. Zeresan handia sortzen ari den artista da Andreu, eta haren aldeko apustua egin dugu". Eskarmentuko herriko musikariek hartuko dute lekukoa gero. "Juan Vallsek kantu berriak eskainiko ditu; aurreko lanarekin alderatuz, folketik harago, doinu azkarragoak eta rockerragoak dira, Americana kutsukoak. Iñigo Ugarte (gitarra), Ander Etxaniz (baxua) eta Mikel Marco (bateria) izango ditu taularen gainean lagun".

Juan Valls Oñatiko musikaria.

Domekan, "proiektu ausartak"

Aitor Etxebarriaz gain, Verde Prato alter egoa duen Ana Arsuaga –Bilbon bizi den tolosarra– gonbidatu dute domekarako. Gaztea izan arren, askotariko musika proiektuetan jardun du; gaur egun, Serpientes post-punk hirukoteko kidea da eta bakarkako kontzertuak ere egiten ditu, teklatua lagun duela.

Sarrerak, oraindik ez

Hamar eurotan izango dira Santa Ana antzokiko saioetarako sarrerak eta bost eurotan Antixena gaztetxekoa. Martxo hasieran jarriko dituzte salgai, Oñati.eus-en, Txokolateixan eta herriko plazako Totem-ean.

Egitaraua

  • Martxoak 19, egubakoitza
    • Habia taldearen kontzertua  Santa Ana antzokian, 18:00etan.
    • Zinema emanaldia Markak dokumentala, zuzeneko musikarekin, Santa Ana antzokian, Habia taldearen kontzertuaren ondoren.
  • Martxoak 20, zapatua
    • Kataluniako Anna Andreu musikariaren eta Oñatiko Valls & Band taldearen kontzertuak Santa Ana antzokian, 18:00etan.
  • Martxoak 21, domeka
    • Aitor Etxebarriaren kontzertua Lazarragako lorategian, 13:00etan.
    • Verde Pratoren kontzertua Antixena gaztetxean, 18:00etan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak