Uxue Alberdi: "Liburuaren lehen hazien 'errudun' bi emakume oñatiar izan ziren"

Maialen Santos 2021ko ots. 22a, 09:38

Tertulixan saioan izango da, martitzenean, 18:30ean. Saio irekia izango da.

Dendaostekoak liburuari buruz berbetan arituko da idazlea herritarrekin. Sarrerak eskuragarri daude ohiko tokietan.

Oso gertuko duzun Elgoibarko Pitxintxu denda jarri duzu erdigunean liburuan...

Bai. Izaskun eta Mari Jose dira liburuko bi ahotsak; ama eta izeba ditut. Baina horrek ekar dezake liburuaren irakurketa senidetasun-harremanetik egiteko arriskua, eta ez da hala. Liburuan ni ez naiz inondik inora agertzen, gure harremanak ez du ikuspuntua markatzen.

Nor dira Izaskun eta Mari Jose?

Bata jostuna eta bestea brodatzailea. Eurekin sarri geratu izan naiz Pitxintxu dendako dendaostean, dendaren beraren historia eta bertako istorioak biltzeko; izan ere, iruditu zitzaidan horiek egokiak izan zitezkeela azken hamarkadetan gertatutako hainbat aldaketa kontatzeko; dendariaren ikuspuntua pribilegiatua baita.

Zein mezu helarazi gura izan duzu?

Edozein idazketa niretzat indagazio-ariketa dela esango nuke; ikasketa bat. Ez daukat mezu bat emateko, baizik eta pertsonaia horien bitartez egiten dut errealitatearen eta giza pertzepzioen inguruko bilaketa. Kasu honetan, jendez betetako liburua da, bi ahots txirikordatuz sortzen dena.

Zein aurreikuspen dituzu saiorako?

Asko gustatzen zait irakurleekin ikuspegiak elkarbanatzea. Niretzat labetik atera berri dago liburua, eta gustatzen zait ikustea nola jaso duten irakurleek, liburu hau ohiko genero literariotatik kanpo dagoelako.

Diozu bi oñatiarrek eragina izan dutela liburuaren hastapenetan...

Hala da. Liburu hau sortzeko bi momentu identifikatu ditut. Dendak 40 urte bete zituenean konturatu nintzen ama eta izeba laster erretiratuko zirela, eta horrekin batera desagertuko dela jaioterriarekin dudan loturarik sendoena. Bestetik, bi emakume oñatiar izan ziren liburuaren lehenengo hazia jartzearen errudunak. Jone Arrazolak eta Irati Garaik egindako Oñatiko emakumiak errekautan lanaren berri izan nuen hitzaldi batean, eta orduan konturatu nintzen dendarekin zerbait egin behar nuela. Izan ere, ez dut aurrez sekula horri buruz idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak