Zarauzko komentua saldu dute Bidaurretako mojek

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 16a, 09:35

Zarauzko Santa Klara komentua

Zarauzko Udalari saldu diote hango Santa Klara komentua eta lurrak 5 milioi euro pasatan. Han bizi ziren lau mojak Oñatira etorri ziren duela hiru bat urte; 26 bizi dira orain Bidaurretan. Dirua komunitateko ahizpen beharretara eta Bidaurretako klaratarren ondare guztia mantentzera bideratzeko borondatea agertu dute Oñatiko mojek.

Zarauzko Udalak eta Bidaurretako mojek baieztatu duten moduan, hango Udalari saldu diote Oñatiko mojek Zarautzen zuten Santa Klara komentua. Komentua eta inguruko lurrak saldu dizkiote bost milioi euro pasatan: 5.129.422,98 euroko prezioan, lau urtetan ordainduko direnak: zehazki, 2024 urtea bitartean, Zarauzko Udalak esandako moduan. Gaineratu dute Udalean ordezkaritza duten talde politikoek aho batez babestutako erabakia izan dela.

Zarauzko Santa Klara komentua

Elizak, klaustroaren inguruko komentuak eta ondoko lau eraikin txikik osatzen duten eraikuntza-multzoa da sal-erosketan sartu dena. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak adierazi duen moduan, multzoaren azalera eraikia 4.500 metro karratu ingurukoa da, eta partzelaren azalera osoa, harresiz inguratua, 12.000 metro karratu ingurukoa.

Alde bien arteko bilerak

Bost mende baino gehiago egin dute klaratarrak Zarauzko komentu horretan baina duela hiru urte, 2007an, Bidaurretara etorri ziren han zeuden azken lau mojak; egun 26 moja daude Bidaurretan. Zarauzko Udalak azaldu duen moduan, azken urteotan Txurruka alkateak, Udalaren ordezkari gisa, Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosoen Elkartearekin bilera ugari izan ditu eta alde biak gustura gelditzeko moduko akordioa egin dute azkenean: "Mojek alkateari adierazi zioten nahiago zutela Udalak eraikina erostea, Zarauzko herriarentzako interes orokorreko erabilera publikora bideratzeko. Izandako elkarrizketetan, mojek adierazi dute salmentatik eratorritako diru-sarrerak komunitateko 26 ahizpen beharretara eta Bidaurretako klaratarren ondare guztia mantentzera bideratzeko borondatea dutela".

Zarauzko alkatea moja klaratarrekin berba egiten (Argazkia: Zarauzko Udala)

Eraikin eta lur horiek zertarako erabili buruan du dagoeneko Zarauzko alkateak: "Zarauztarrentzat albiste bikaina da, azkenean, Udala izatea komentuaren eraikina, haren inguruak eta Santa Klarako mojen Ordenaren jabetzako lursail osoa erosiko duena, ekipamendu publiko gisa erabiltzeko", hainbat kaleetako urbanizazioetako espazio libreetara batzeko, Zarauzko "erdigunean birika berde paregabea" lortzeko. "Gainera, eraikina udal-ondare gisa eskuratzeak aukera paregabea ematen du zerbitzuak bateratu eta gaur egun udalerriko hainbat eraikinetan banatuta dauden jarduerak birkokatzeko. Hala ere, Udalak, lehenik eta behin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adostu eta definitu beharko ditu egin daitezkeen esku-hartzeak, eraikin-multzoa babestuta dagoelako eta etorkizuneko jarduerek foru erakundearen eta autonomikoaren oniritzia beharko dutelako", zehaztu du Txurrukak.

Bidaurreta monasterioa

Bidaurretako Santa Klara monasterioa edo Hirutasun Guztiz Santuaren komentua, eraikin gotiko-errenazentista, 1510-1520 urteen artean eraikia, eta Juan Lopez de Lazarraga, Errege Kontseiluko idazkari eta Errege Katolikoen kontulari nagusiak fundatua. Lazarragak eta haren emazte Juana Ganboak sortu zuten, haien hilobi izan zedin. Monumentu historiko-artistiko izendatua dag0 1980tik.

Oñatiko Bidaurreta monasterioa

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak