Txantxiku Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta langileak deitu dituzte PCR probak egitera

Maialen Santos 2021ko ots. 11a, 08:54

Azken egunetan Bigarren Hezkuntzako eraikinean izan den positiboen gorakadari lotuta, gaur, eguena, arratsaldean egingo dute baheketa osasun-etxean, eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta langileak daude parte hartzera deituta, azken hiru hilabetetan positibo izan direnak eta dagoeneko etxeratuta zeudenak izan ezik. 

Txantxiku Ikastolako ikasleen gurasoei mezu bidez azaldu diete egoera "oso kezkagarria" dela: "Bigarren Hezkuntzako eraikinean koronabirusa izaten ari den eragina dela eta, lau ikasgela itxi beharra izan dugu eta kasu positiboak gehituz doaz. Horiek horrela, epidemiologiako departamenduak hartutako erabakiaren baitan, PCR probak egitera deituak daude Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko langile eta ikasleak". 

Azaldu dute proba egitera joatea derrigorrezkoa ez den arren, "komenigarria" dela baheketan parte hartzea, birusaren hedapena eteteko. 

Horri lotuta, eguen eta egubakoitzean ikasleek etxetik jarraituko dituzte eskolak. Datorren eguenera arte gutxienez ez dira ikasgelara itzuliko, izan ere, astelehenetik eguaztenera jai dute Inauteri jaiengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak