Urriaren 17an hasi zen ekimena Irun eta Hendaia arteko mugan eta bertan amaituko da ere, martxoaren 6an. Zehaztu dutenez, otsailaren 20an, Debagoienetik pasako da ekimena, eta hain zuzen ere, Emakumeen Mundu Martxaren V.ekintza ekiteko bilera egin dute gaurkoan.
V.ekintzak "transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin eta salatu" nahi ditu, "sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik, pertsona migranteen zein jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak zapaltzen dituztelako". Europaren papera ere aztertzen da ekintzaren baitan: "ongizatea zein pribilegioren gainean bermatzen den identifikatu, eta logika horretan guk zer erantzukizun eta ardura dugun ere hausnartzera gonbidatzen du".
Zubiak eta zapiak, ikur
Dinamika herriz herri landuko dute martxoaren 6an Irun-Hendaiako mugara iristeko eta bide horretan, zubiak eta zapiak izango dira ikur: "Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte".
Zapiei dagokienez, Emakumeen Mundu Martxatik herriko zubi bat aukeratuko eta zapiekin osatutako sarea bertan zintzilikatzeko eskaria egin dute: "arrakalak sortu behar ditugu zubi-harresietan, ekintza honetan kapitalismoaren, kolonialismoaren, arrazakeriaren eta heteropatriarkatuaren adierazle baitira". Datorren domekarako ere hitzordua antolatu dute Antixena gaztetxean, otsailaren 20rako zapiak prest izateko.