Egubakoitzetan, 18:00etan, egiten du bilera Antixena gaztetxeko Asanbladak –herritar guztientzako zabalik dagoena–, eta batzar horietan jasotzen dituzten proposamenenekin osatzen dute, gero, hilabete horretarako edo hurrengoetarako programazioa.
Otsailerako egitaraua prest dute, eta, besteak beste, bi kontzertu iragarri dituzte: Arima taldeak Biluztasunez jantzita lana aurkeztuko du otsailaren 19an,eta Ameba taldea gonbidatu dute otsailaren 28rako. Zuzeneko emanaldiez gainera, erromeria tailerra, soinu teknikari tailerra eta katalana ikasteko tailerra dira hileko berrikuntzak.
Erromeria tailerra, bi egunetan
Dantzak jakin gabe erromerietan geldi egoten diren horiei zuzenduta dago otsailaren 14an eta 21ean egingo duten tailerra. "Helburua ondo pasatzea da arin-arinaren eta fandangoaren oinarrizko pausoak ikasten. Askotan, dantza horiek ondo ez menperatzea izaten da askorentzako erromerietan parte ez hartzeko aitzakia, eta tailerraren bidez lotsa edo traba horiek alde batera utziko ditugu. Nire behar edo gogotik abiatuta proposatu nion Asanbladari ideia, ondo hartua izan zen eta hala proposatu genien Oñatz taldekoei. Eneko Uriarte eta Aitor Tatiegi dantzariekin, bada, bi eguneko ikastaroa izango da; bi domekatan egingo dugu, 12:00etan hasita, eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dute. Egun batean arin-arina landuko dugu, eta fandangoa bestean", azaldu du Unai Beitiak, Antixena gaztetxeko kideak.
Dantzarako proposamena gustuko dutenek aurrez aipatutako egunean eta orduan agertu besterik ez dute. "Ikastaroa doan da, eta egun bakarrean edo bietan etortzeko aukera dago. Ez da aldez aurretik izenik eman behar, eta batzen den jende kopuruaren arabera antolatuko ditugu saioak. Interesa dutenei lasai etortzeko eskatu gura diegu; izan ere, gaztetxea handia da, bi solairutan banatuta hainbat gela ditugu, eta ikastaroa segurtasun neurriak bermatuta egin ahal izateko moduan gaude".
Teknikarien taldea osatzeko
Antixena gaztetxean askotariko ekitaldiak egiten dituzte, eta horietarako soinu teknikariak trebatzea da soinu teknikari tailerraren helburua; otsailaren 20an egingo dute –ordua oraindik ez dute zehaztu–, eta Imanol Astudillok gidatuko du. "Ezin soinu teknikari izateko behar den guztia irakatsi, baina helburua gaztetxeko soinu ekipoa ezagutzea eta oinarrizko trebakuntza hartzea da. Urtero egin izan ditugu gaztetxean soinu teknikari lanetan jarduteko prest dauden taldetxoak osatzeko gero. Bargasta talde feministako kideek proposatu zuten berri bat egitea, hainbat neska lan horretan jarduteko prest daudelako. Asanbladak proposamena onartu zuen, arlo honetan ere parekidetasuna bermatzeko asmoz. Ikastarora etortzeak ez du derrigortzen lantaldean sartzera, baina au-kera ona da jasotako azalpenak praktikan jartzeko eta urteko ekitaldien egutegia hainbat talderen artean banatzeko", azaldu du Imanol Astudillok.
Katalanez, lagun artean
Martitzenetan egingo dute, 18:30etik 19:30era, eta asteon abiatu dute. "Bartzelonan ikasi duen Oneka Anduaga oñatiarrak eta Oñatin bizi den Carol Palacio valentziarrak gidatuko dute. Helburua irakaspen serioak ematea baino, modu informalean eta lagun artean katalanez berba egiteko aukera ematea da. Oso oinarrizko klaseak izango dira, jolas eta antzerakoetan oinarrituta", azaldu du Asanbladako kide Mikel Garaik.