Eric Martin: "Entrenatzen ibili arren, helbururik ez izateak zaildu egiten du dena"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 5a, 09:27

Martin Zaragozako lasterketan.

Oñatiko atleta Huescan bizi da azkeneko bi urteetan; hain zuzen, hango unibertsitatean dabil Tafyd ikasketak egiten. Entrenatzeko lagun kuadrillatxoa egin du, eta horiekin batera parte hartu zuen joan den aste bukaeran Control (RFEA) Nivel II. Cross lasterketan, Zaragozan. Pozik dago lortutako emaitzarekin.

Zaragozako lasterketa jokatu berri duzu. Denboraldiko lehena?

Bai, hala izan da. Aste bukaera honetan, adibidez, beste lasterketa bat dago, baina hori Aragoiko atletendako bakarrik izango da.

Pozik zaude egindako lanarekin?

Bai. Egia da ez ginela jende asko batu, 15 bat atleta izan ginen. Laugarren egin nuen sailkapen orokorrean, eta, nire mailari dagokionez, 23 urtez azpikoetan, hirugarren sailkatu nintzen. 8.500 metroko lasterketa izan zen Zaragozakoa.

Zaragozan egindako lasterketa test moduko bat izan da Euskadiko kros txapelketara begira jartzeko?

Bai, hori da. Denboraldi-aurrean beste bi test egin genituen: bata bost kilometrokoa eta bestea bost minutuko testa. Bigarren hori oso gaizki egin nuen, larregi zen niretzako. Hala ere, entrenatzen ondo genbiltzala ikusita, sentsazio onak izan ditut Zaragozako lasterketan.

Ze probatan parte hartuko duzu Euskadiko txapelketan?

23 urtez azpikoen kategorian parte hartuko nuke, 10.000 metroko lasterketan.

Aurtengo urtea berezia izan dela kontuan hartuta, noiz hasi zineten entrenatzen?

Betiko moduan, irailean hasi ginen, bigarren astean. Denboraldi-aurrean hilabete egin genuen, eta ondoren, betiko moduan hasi ginen: plangintza bera jarraitu dugu.

Plangintza bera izan arren, lasterketarik ez duzue izan.

Hori da, aurten ez dugu lasterketarik izan. Guk gure kontutik egin izan ditugu korrikaldiak, edo testak. San Silvestre lasterketa, esate baterako, ez zuten antolatu; bada, lagun taldetxo bat elkartu ginen, talde txikian, Oñatitik Bergararaino korrika egiteko. Izan ere, entrenamendu gogor moduan hartu izan ditugu horiek.

Hala ere, ez da berdina izango hori egin edo benetako lehia egitea.

Bai, hori da. Ez da berdina. Nik nahiago dut benetako lasterketa bat jokatu. Adibidez, San Silvestre egunean 10 bat lagun elkartu ginen, eta hor gustura zoaz. Baina bost minutuko testa egin nuenean, ni bakarrik nengoen... Horrelakoak gogorrak izaten dira; are gehiago, ez denean zure distantzia.

Pandemia egoera honetan, nola moldatu zarete entrenatzeko?

Ez dakit Oñatin nola egin duten, baina Huescan lau laguneko taldeetan kirola egiteko baimena dugu.

Eta lehiaketarik jokatze ez horrek nola eragin dizu zuri?

Ba, batzuetan, gogo aldetik baxu sentitzen naiz. Entrenatzen ibili arren, helbururik ez izateak zaildu egiten du dena. Entrenamendu gogor batean, bakarrik zoazenean... burutik gauza asko pasatzen dira.

Norekin entrenatzen zara?

Iaz, bi lasterketa herrikoi egin nituen; pertsona batek Aloña Mendiko kamiseta nuelako ezagutu ninduen, Ritxar Fernan-dezen ezaguna zen eta. Hala, eurekin entrenatzeko esan zidan. Hala ere, ni Aloña Mendiko atleta naiz eta Mikel Quelle da entrenatzailea.

Aurten ere, krosa eta errepidea, biak egingo dituzu?

Bai. Nire denboraldia oinarritzen da 10 kilometroko lasterketetan; izan daiteke krosean edo errepidean.

Euskadiko kros txapelketaz gain, badago beste lasterketarik?

Espainiako txapelketa otsailaren 28an izango da, Getafen; baina horretarako sailkapena lortu behar da Euskadikoan. Azken berria da otsailaren 14an izango dela txapelketa, Getxon; Euskadiko txapelketarik egiten ez bada nahierara aukeratuko dute nortzuk joan Espainiakora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak