Ander Lipus: "Istorioa migratzaileak kontatzea da indargunea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 6a, 09:28

Ander Lipus eta Laura Penagos, Atzerrian lurra garratz antzezten. Argazkia: Ainhoa Resano.

Artedrama eta Huts Teatroa taldeek Atzerrian lurra garratz lana estreinatuko dute otsailaren 12an Oñatin, Santa Ana antzokian, 19:00etan; sarrera gutxi geratzen dira. Amancay Gaztañagak zuzendu du eta Ander Lipus eta Laura Penagos dira aktoreak.

Zer sentsazio duzue estreinaldiaren atarian?

Sentimendua arraroa da, ezbehar honek egunerokotasunean inprobisatzera eramaten gaituelako. Orain dela bi urte hasi ginen proiektuarekin eta gogotsu gaude jendaurrean erakusteko; apur bat urduri ere bai.

Oñatin da estreinaldia; zer dela eta?

Otsailaren 5ean ginen, beste lanekin egin dugun moduan, Luhuson estreinatzekoak, baina COVIDa dela-eta Iparraldean debekatuta dago emanaldiak egitea eta bigarren saioa izan behar zena estreinaldi bihurtu da. Oñati beti izan da eskuzabaltasunez hartu gaituen herri bat eta horrek bere errekonpentsa izango du orain; hau da, oñatiarrek ikusiko dutelako estreinaldia. Estreinaldiak daukan urduritasunarekin, baina berezia izango da.

Aurora Mora Euskal Herrian bizi den artista kolonbiarra da protagonista nagusia. Zer jasotzen du istorioak, finean?

Orain dela lau urte Euskal Herrian bizi den artista garaikidea performance edo instalazio bat estreinatzeko atarian dago, eta, bat-batean, bere ahizparen dei bat jasoko du, eta bere ama hil dela esango dio. Momentu horretatik abiatuta, Aurorak dolu gaua nola pasatzen duen jasotzen du istorioak. Mamu bezala, errealismo magiko batetik abiatuz, hainbat pertsonaia agertuko zaizkio: bere ahizpa; hil berri den ama; bere amama indigena; Kepa, Euskal Herriko mutil laguna eta haren aita.

Hortik abiatuta, galdera asko planteatzen dituzue. Zelakoak, adibidez?

Emakume artista atzerritar batek kontatu ahal digun horretan jarri dugu fokua, gu, euskaldunok, gai askoren gainean hausnartzera bultzatzeko asmoz. Ez dugu erantzun zehatzik ematen, baizik eta galderak botatzen dizkiegu ikusleei, esaterako: posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Eta posible da familiaren eta aberriaren zama gainean dugula hegaldi propioari ekitea?... Migratzaile askok euren herrian kargu inportanteak dituzten arren, alde egitera behartuta daude, eta hona etortzen direnean oso egoera prekarioan bizi dira, lan kaxkarrenak eurek dituzte, esaterako, zaintza arloan, eta hori eskertu egin beharko genukeela uste dugu. Begiak ixten ditugu; geure buruari ere galdetu beharko genioke zertan ari garen.

"BEGIAK IXTEN DITUGU, ETA GEURE BURUARI GALDETU BEHARKO GENIOKE ZERTAN ARI GAREN"

Fikzioa da, baina errealitatetik asko du, ezta?

Hala da, bai; Laura Penagos, Aurora pertsonaia nagusi moduan, kolonbiarra da, eta haren ikuspegitik dago, bereziki, istorioa kontatuta; eta horretan datza, gure ustez, lanaren indargunea. Orain dela bi urte ezagutu nuen Laura, Nafarroako antzerki eskolan eman nuen ikastaro batean, eta harritu egin ninduen euskara zekielako. Antzezlan bat zuela esan zidan, baina antzokietan tokia egiteko zailtasunak zituela. Buruan beste antzezlan baterako ideia bat zuela kontatu zidan, eta nik Aulestiko antzerki topaketetara gonbidatu nuen. Bere ikuspegitik arrazakeriari eta Kolonbiari buruzko gauzak kontatu ziz- kidan eta hor ikusi nuen bere bizipenetatik abiatuta fikzionatu zitekeen istorio bat zegoela. Hala hasi zineten biak lanean; Amancay Gaztañaga batu zitzaizuen gero, eta hark zuzendu du antzezlana. Hasiera batean, monologoa egitea zen asmoa, baina taularen gainean beste aktore bat ere egotea interesgarriagoa iruditu zitzaigun. Garai hartan, Amancay Gaztañaga ezagutu nuen eta une aproposa iruditu zitzaigun elkarrekin lan egiteko. Zuzendari izatetik aktore izatera pasatu nintzen ni, emakume baten istorioa emakume batek idaztea aberasgarriagoa zelako, nire ustez, eta hala hartu zuen Amancayk zuzendaritzaren ardura. Hortik abiatuta izugarrizko ekipoa osatu dugu arlo guztietan –jantziak, argiak, musika...– eta pozik gaude lanak hartu duen dimentsioarekin. Niri ere mundu bat zabaldu zait; asko ikasi dut eta aberastu egin naiz.

Laura Penagos aktorea da, Aurora Mora artista.

Sortzeko prozesua ikasgaia izan duzuela diozu; non ibili zarete?

Hirurok elkarrekin idatzi dugu, bakoitzak bere ikuspuntua eta bestelako ekarriak eginda. Oso inportantea izan da Lauraren ikuspegia, eta bere bitartez asko ikasi dugu; esaterako, Kolonbiako erbesteratuen elkarteetara eraman gaitu eta Kolonbiako familia bat erroldatu dut nire etxean. Bizipen horiek kontatzen ditugu fikzio bat sortuta.

Osagai guztiak mimoz zaindu dituzue; zelakoak dira dekoratuak?

Gela batean gertatzen da dena; artista abangoardista eta garaikide baten gela umila da. Bertan ari da bere performance-a prestatzen, eta gauza askorekin ari da jolasean estreinatzeko duen lan hori prestatzen ari dela.

Nola daramazue pandemia egoera?

Egoera arraroa da, baina badakigu jendeak bizitza normala egiteko gogoa duela, eta, nire ustez, antzokia leku segurua da. Gure apustua hori da, hauskor- tasunetik gure teatroarekin istorioak kontatzea eta gure herriari antzerkiarekin gozatzeko aukera ematea.

Agenda nahiko lotuta duzue; Debagoienean, oraingoz, bi herritan izango zarete.
Oñatin estreinatu ondoren, Adoainen, Errenterian, Donostian eta Bilbon izango gara, eta martxoaren 7an, Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak