Aldundiak Elorregi eta Oñati arteko errepide zatian hobekuntzak egingo dituela aurreratu du eta zehaztu bi biribilgune egingo dituztela: bat Garibain, ULMAren elkargunean, Munazategi aldera, eta bestea San Pedron, GI-2630 errepidea eta Otaduy kalea elkartzen diren tokian. Munazategi pareko biribilguneko lanak Aldundiaren, Udalaren eta ULMAren artean ari dira lantzen; kooperatibak egin du proiektuaren exekuzioa eta Udalak 91.000 euro jaso ditu aurrekontuetan proiektu horretarako. Lurrekin lagundu du Diputazioak. Aldundiak aurreikusten du lan horiek aurten hastea. Bestean, berriz, bi autobus geraleku egongo dira, "Udalak horrela eskatuta". Bigarren biribilgune horrekin, bi biribilguneen arteko 700 metrotan dauden ezkerreko bira guztiak kendu ahal izango dituztela dio Aldundiak, bereziki Urrexola auzorako GI-3593 errepidearekiko elkarguneari dagozkionak. Diputazioa proiektu hori idazten ari da, eta aurten izapidetzea eta obra 2022an egitea aurreikusten du.
70 kilometro orduko
Lan hauekin, abiadura muga 90 kilometro ordutik 70 kilometro ordura murriztuko da luzera osoan." Abiadura hori bidearen ezaugarriekin eta inguruko bizilagunen kezkarekin bat datorrela uste dugu", zehaztu du Aintzane Oiarbidek prentsa oharrean, eta gaineratu: "Aurten trafikoa baretuko dugu Garibai auzoaren hasieran, Arriagakua baserriaren parean. Galtzadaren zabalera murriztuko dugu eta zintarriak dituzten irlatxo batzuk jarriko ditugu; horrela, ibilgailuen abiadura murrizteaz gain, lehentasunik gabeko oinezkoentzako pasabidea jarriko da".
Galtzadatik irtetearen ondoriozko istripuak murrizteko, marruskadura-koefizientea handitzea aurreikusi du Aldundiak, hiru bihurgunetan mikro-aglomeratu geruza hotzean aplikatuta. Errepide osoko seinaleak eta balizak ere hobetu egingo dituzte. "Erabiltzaileen segurtasuna handitzeaz gain, Aldundiak Gipuzkoako enpresei, batez ere enpresa txiki eta ertainei, lehiakortasuna indartzen lagundu nahi die, eta, horretarako, errepide sare on bat ezinbestekoa da", dio Bide Azpiegituretako diputatuak.
10.000 ibilgailutik gora
Aldundiak emandako datuen arabera, errepide horrek 10.000 ibilgailu baino gehiago hartzen ditu egunero batez beste, eta horietatik % 8-10 trafiko astunari dagozkio. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusien artean, industrialdeen eta hiriguneen irisgarritasuna hobetzea eta erabiltzaile guztien segurtasuna handitzea dago. Oñatiren kasuan, aurreikusitako jarduerek gure helburua beteko dute", dio Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Aldundiak bidalitako prentsa oharrean.