Oñatin dauden 134 industria-eraikinetatik 24 daude hutsik: %18

Maialen Santos 2021ko urt. 29a, 19:13

2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek egindako eskaerari jarraiki, industria-pabilioi hutsen diagnosia egin du Udalak. 134 industria-eraikin zenbatu dituzte herrian eta horietako 24 daude hutsik gaur egun : %18. Horietaz gain, eraiki gabe dauden 36 pabiloi identifikatu dituzte.

Herrian dauden industria erakinen diagnostikoa egin du Oñatiko Udalak. 2018ko partaidetzako aurrekontuetan herritarrek agertu zuten kezka edo galderen artean atera zen pabiloi hutsen errealitatea ezagutzea, eta joan den urtean, 2020an, egin du Udalak horren diagnosia.

Egindako azterketa horren arabera, 134 industria-eraikin daude Oñatin: 110 okupatuta daude (%82) eta 24 hutsik (%18). Horietaz gain, eraiki gabe dauden beste 36 pabilioi ere identifikatu ditu Udalak, etorkizunera begira eraiki ahalko liratekeenak. Irakurketa metro karratuei begira eginez gero, ehunekoa txikiagoa da: 349.959m² eraikietatik, 12.273mm² daude hutsik; %3,5, alegia.

Xabier Igartua Oñatiko Udaleko sozioekonomia zinegotziak adierazi du hutsik dauden eraikinak ez direla asko, "eta beraz, etorkizun hurbilera begira ez dugu ikusten horiei zein forma eman aztertzeko beharra". Are gehiago, azaldu du pabiloi batzuk libre egoteak enpresa-dinamika berriak martxan jartzeko aukera eskaintzen duela: "Izan ere, Oñatin mugatua da enpresa berrientzat erabilgarri dagoen metro karratu kopurua". 

Pabilioi gehien, Zubillagan

Auzoka, Zubillaga auzoan daude pabiloi gehienak, 74, eta 92.378m² hartzen dituzte horiek. Kontuan hartzekoa da, halere, pabiloi horietako 30 eraiki gabe daudela gaur gaurkoz, 8 daudela hutsik eta 36 direla okupatutakoak. Otadui zuhaiztian dauden 20 industria-eraikinek, bestetik, 77.101m² hartzen dituzte. Aipatzekoa da, gainera, Berezao auzoan 27 pabiloi daudela, baina ez dutela azalera handiegirik hartzen: zehazki, 18.069m².

Gainontzeko pabiloiak auzo hauetan daude banatuta: Garibai auzoan (15), Goribar auzoan (13), Lezesarri auzoan (7), Santxolopeztegin (5), Garagaltzan (4), Torreauzon (3), Ibarra Zelaian (1) eta Arantzazuko Ama kalean (1).

Azalera handiena, Hijos de Juan de Garay-k

Sozioekonomia zinegotziak adierazi du enpresa handiak, 10.000m²-tik gorakoak, hamabi direla. Ertainak, 1.000m² eta 10.000m² artekoak, bestetik, 42 dira; eta 1.000m² baino gutxiago hartzen dituzten enpresa txikiak, 56.

Hori horrela, Hijos de Juan de Garay S.A. enpresa da Oñatin azalera handiena hartzen duena, 48.574m². Ulma Constructionek 34.787m² ditu, eta Chinchurretak, azkenik, 20.827m². Nabarmentzekoa da, gainera, Ulma Taldeko pabiloiek, orotara, 112.842m²-ko azalera dutela –Torreauzon hutsik dagoen pabiloia kontuan hartuta–.

Xabier Igartua zinegotzia, gaur, industria-eraikinen inguruko mapa aurkezten.

Mapa batean bilduta

Datu horiek guztiak eta gehiago jaso ditu azterketak, eta datu base bat sortu dute emaitzak aztertuz eta kontsultarako baliabideak sortuz. "Euskarri moduan txosten bat egin beharrean Oñatiko mapa bat osatzea erabaki dugu", zehaztu du zinegotziak. Era horretan, mapan kokatu dituzte okupatuta eta hutsik dauden pabiloiak, baita eraiki gabe daudenak ere. "Batutako informazio hori edonork kontsulta dezake, udaletxean informazioa eskatuta", argitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak