Ipuin kontaketa bidez, ahozkotasunari bultzada

Maialen Santos 2021ko urt. 29a, 13:58
Kattalin Sallaberry eta Jokin Irungaray, saio batean.

Ahoz Ahoz 2021 Jaialdiaren baitan hiru ipuin kontaketa saio eskainiko dituzte Oñatin; haurrentzako bat eta helduentzako besteak. Otsailaren 18tik martxoaren 5era bitarte egingo dituzte saioak, eta, euskaldun artistez gain, nazioartekoak ere izango dira.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia 2008a ezkero antolatzen du Intujai Teatro taldeak. Azken urteetan Euskal Herriko herrietan zehar hedatu da hori, Ahoz Aho zabalik proposamenari esker, eta, hala, Oñatik ere jaso du jaialdi horretan parte hartzeko gonbidapena. Hori horrela, datozen asteetan hiru ipuin-kontaketa saioz gozatzeko aukera izango da udal liburutegian.

Haurrendako eta helduendako

Otsailaren 18an, Elekaren ipuin sorta izeneko bi saio eskainiko dute Ipar Euskal Herritik etorritako Kattalin Sallaberryk eta Jokin Irungarayk, 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta. Ordu erdiko bi saio egingo dituzte, 17:30ean eta 18:15ean hasita.

Helduentzako saioei dagokienez, otsailaren 26an, Soledad Felloza ipuin kontalari uruguaitarrak La vida es un cuento saioa eskainiko du eta martxoaren 5ean, azkenik, Kolonbiatik etorritako Nicolas Buenaventurak Maestra palabra ipuina. Azken bi saio horietarako txartelak otsailaren 16tik aurrera eskuratu ahal izango dira www.oñati.eus udal webgunean eta Txokolateixan.

Arantzazu Ibarrondo udal liburutegiko zuzendariak azaldu du urtean helduentzako ipuin kontaketa saio bat edo bi antolatu ohi dituztela; izan ere, "askok uste dutenaren kontran, ipuin kontaketa ez dago soilik haurrei zuzenduta". Helduentzako saioetan parte hartzen duen publikoa "fidela" izaten da: "Programa honetan parte hartuta ere izango dugu istorioak entzuteko aukera, eta horretarako gogotsu gaude". Hala eta guztiz ere, osasun krisiaren eraginez, saioak liburutegiko erakusketa gelan egingo dituzte, eta edukiera mugatu egingo dute: "Aztertzen ari gara zenbatentzako lekua izango dugun".

Ahozkotasuna bultzatu guran

Intujai Teatro taldeko kide eta jaialdiko arduradun May Gorostiagak azaldu du ahozkotasuna bultzatzea eta ahotsa erabiltzen duten artistak "oholtzaratzea" dela Ahoz Ahoren helburua, eta nazioarteko jaialdia denez atzerriko artistak ere izaten dituztela: "Maisu handiak izaten dira horiek, eta, jakina, euskaldun artistak ere badaude egitarauan, %70 inguru dira". Are gehiago, adierazi du Euskal Herrian "maila handia" dagoela ipuin kontalariei dagokienez. "Oñatiko herriari egin gura izan diogu jaialdian parte hartzeko gonbidapena, aspalditik duelako ipuin-narrazio agenda kultur programaren baitan", gaineratu du.

Ostegun Kontalarietan aldaketak

Otsailetik aurrera, aldaketak egongo dira haurren liburutegian egiten den Ostegun Kontalariak ekimenean: apirilera bitartean, hilean bi saio egongo dira baten ordez. Horietako bat 4-5 urtekoentzat izango da eta bestea 6, urtetik gorakoentzat. Horietara joateko gonbidapenak izan behar dira, lehen bezala, baina horiek lortzeko zozketa egingo dute parte-hartzaileen artean. Hileko lehenengo astean –astelehenetik ostiralera– eman beharko da izena, 943 71 61 11 telefono zenbakira deituta, 688 73 28 26ra mezua bidalita edo liburutegia@onati.eus helbidera idatzita. Lehen asteko egubakoitzean egingo dute zozketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak