Euskal kantagintza aztertzeko hitzaldia egingo dute bihar, martitzena

Maialen Santos 2021ko urt. 25a, 11:05
Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda, Goiena telebistako 'Hemen Debagoiena' saioan.

Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogun hitzaldia eskainiko dute Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak Kultura Etxean, 19:00etan. Musika eta literatura uztartuko dituzte, abestien nondik norakoei buruzko azalpenak emanda, eta kantuz.

Nabarralderen hitzaldi zikloaren barruan, Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogun izenarekin hitzaldia eskainiko dute martitzenean Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak. Kultura etxeko zinema aretoan izango da, 19:00etan.

Musika eta literatura, bat eginda

Barandiaranek azaldu duenez, idazle musikazalea da bera, eta Rueda, aldiz, musikari literaturzalea: "Horiek dira gu bizi gaituzten bi kultur adierazbide nagusiak". Hala, euskaldunen historia eta euskal kantagintza "gertuagotik" ezagutzea izango dute helburu hitzaldian, musikarien eta idazleen arteko elkarreragin zuzenetik sortutako "kantagintzaren kontakizuna" eginez. "Kantatzen eta aztertzen ditugunak idazle bati eta musikari bati daude beti lotuta. Hori baino gehiago eta zabalagoa da euskal kantagintza, lehenagotik ere badatorrena, eta gaur egun ere badaude euren kantuak egiten eta kantatzen dituzten taldeak eta musikariak, baina gu hor ez gara sartzen", argitu du.

Azalpen bidez eta abestuz

Zehaztu du Euskal Herriaren historia "gainbegiratzen" dutela kantuetan oinarrituta, eta hauxe da jarduteko modua: kantua aurkeztu egiten du Barandiaranek, nondik datorren eta idazlearen zertzelada batzuk azalduta, eta, horren ondoren, Ruedak kanta horrek abesten ditu; zuzenean bertsioak eginez.

"Gure identitateaz ohartarazteko kanta hauek izan dira helduleku bat belaunaldi askorentzat; hau da, euskarari buruzko gure diskurtso politikoa gehiago elikatu dugu kantagintza honetatik, ezen ez bestelako iturrietatik", adierazi du. Eta gaineratu du diskurtso ideologikoa eraikitzeko kantagintzak "izugarrizko indarra" izan duela, eta oraindik ere baduela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak