Iñazio Irizar: "Ingelesezkoa oinarri osatu dut euskarazko Wikipedia"

Maialen Santos 2021ko urt. 11a, 09:43

Euskarazko Wikipedia osatzen lau urte daramatza Iñazio Irizar oñatiarrak. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatutako lehiaketan hartu du parte aurten, eta Funtsezko artikuluak atalean egindako lanagatik saritu berri dute.

Nola hasi zinen lan horretan?

Erretiroa hartu nuenean hasi nintzen. Beti aritu izan naiz blogetan idazten, eta, beraz, Interneten ibiltzen ohituta nago. Wikipediako erabiltzailea ere banintzen, eta ordu libreetan hasi nintzen gauzak sareratzen.

Euskarazko Wikipedian hutsunea zegoen?

Hala da. Baina egia da honek ez duela amaierarik; euskarazko Wikipediak 380.000 artikulu inguru ditu eta ingelesezkoak, aldiz, 6.000.000. Ni bezala jendea lan honetan hasiko balitz ere ez ginateke inoiz kopuru horretara iritsiko; izan ere, ingelesezkoa munduko entziklopedia handiena da.

Noiz aritzen zara Wikipedian?

Etxean aritzen naiz, denbora librea dudanean. Erretiratua naiz, eta ez daukat orturik ez aziendarik. Borondatezko lana da hau, ordutegirik gabekoa. Eta beti esaten dut herrigintzan aritzen naizela. Oso gustuko dut.

Zein izan da lehiaketako erronka?

Helburua euskarazko artikuluak hobetzea zen, 30.000 byte baino gehiago garatuz. Lau atal zituen lehiaketak: Funtsezko artikuluak, Udalerriak, Emakumeen biografiak eta Txikipedia. Lehenengo atalean aritu naiz ni, eta hobetzeko 200 artikulu izan ditut aukeran.

Zenbat osatu dituzu?

5.000/6.000 byte zituzten artikuluak landu ditut, urte osoan zehar: guztira, hogei.

Zeintzuk dira horiek?

Besteak beste, Noam Chomsky, Marie Curie, Mahatma Gandhi, Che Guevara, Vincent Van Gogh Sigmund Freud eta Gurutze Gorriari buruzko artikuluak osatu ditut. Esan behar dut denak egin ditudala oso gustura; are gehiago, Wikipedia ezberdinetatik argazkiak ekarri eta bideoak sartzen ere aritu naiz. Ahalik eta osatuen geratu zitezen.

Zein izan da jarduteko modua?

Esan bezala, funtsezko artikuluetan soilik jarri dut fokua, asko gustatu zitzaidalako gaia, besteetan ez naiz sartu; izan ere, denean aritzea ezinezkoa da. Artikuluak osatzeko, gehienetan ingelesezko Wikipedia izan dut oinarri, eta espainolezkoa eta frantsesezkoa ere lagungarri izan zaizkit. Beste iturri batzuk ere kontsultatu ditut.

Erronka aise bete duzula esan daiteke...

Bai. Derrigorrezkoa izan da gutxienekora iristea; lehiaketako irizpideek markatutako helburua betetzea, alegia. Hala eta guztiz ere, gustura geratu naizenera arte idatzi ditut nik byteak. Batez beste, egin ditut 100.000 byte inguru, baina artikuluren batek ere baditu 150.000 edo 200.000tik gora.

Mundu mailako Wikipediako artikulurik osatuena ere zuk landutakoa da...

Hala da. Esklabotzari buruzkoa da gaur egun Wikipedian dagoen artikulurik osatuena. Ingelesezkoa baino osatuagoa da, 240.000 byte inguru ditu, hain zuzen.

Zer irabazi duzu?

Tokadiskos bat eta binilo sorta bat ere bai. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko zuzendaritza batzordeak ematen du saria. Eta hori ematen dute jendea animatu dadin Wikipedia osatu eta idaztera.

Zer duzu orain esku artean?

Hikari Oe japoniarrarena amaitu dut; gizon autista da eta musika klasikoa egiten du; milioi bat disko baino gehiago saldu ditu. Bere aita, Kenzaburo Oe, Literaturako Nobel sariduna izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak