Oñatiko odol emaileen elkarteak odol ateratzeekin jarraituko du eta dagoeneko prest du aurtengo egutegia: gaur, urtarrilak 8, da urteko lehenengoa.
Emaile gutxiago aldiro
Odol premia dagoela azpimarratu dute elkarteko kideek, eta behar horri erantzuteko deia zabaldu gura dute, ahalik eta odol gehien batzeko, "behar handia dago eta". Izan ere, egoera den modukoa izanda, ateratze bakoitzean ez dituzte lehen beste litro batzen, jende gutxiago pasatzen baita, protokoloa jarraituz denbora gehiago behar dutelako ateratze bakoitza egiten. Lehen, esaterako, 60 bat herritar joaten ziren hileko hitzordura; egun, 40 edo 45 inguru. "Orain, lehen baino denbora gehiago behar da lan bera egiteko. Segurtasun neurri guztiak hartuta egiten da, protokoloa jarraituz, baina martxa geldoagoa da. Ordutegia zabaldu dugu, ahalik eta ateratze gehien egin ahal izateko, baina egungo kopuruak baxuagoak dira, bai. Baina odol beharra badago oraindik, eta horri erantzuten saiatu behar dugu", dio odol emaileen elkarteko kide Pili Irazabalek.
Txanda hartu behar da
Odola ematera joateko modua ere aldatu egin da. Lehen, ahal eta gura zuenean joaten zen emailea, aurrez txanda hartu gabe. Orain, ordea, lehenago deituta hartu behar da ordua. Emaile batzuk Donostiatik jasotzen dute zuzenean gonbidapena, hango bulegoetatik. Gonbidapena jaso eta joan gura duenak, baina, egunean bertan deitu behar du ordua zehazteko, jende asko batera pilatu ez dadin. "Baina odola lehen aldiz eman ez dutenei edo gonbidapena jaso ez dutenei ere aukera eman gura genien, ahal izanez gero, behintzat, joateko. Horregatik, egoera horretan daudenek ere badute odola ematera joateko aukera: ateratzea den egunean bertan deitu dezakete, 08:30etik 13:30era bitartean, telefono zenbaki honetara eta txanda hartu: 943 00 78 84", azaldu du Irazabalek.
Odola ematera joan gura duenak egunean bertan aurrez deituta hartu behar du ordua: 943 00 78 84
MUko fakultatean
Aurtengo ateratzeak ere MUk Oñatin duen Enpresagintza Fakultatean egingo dituzte. "Ohiko tokian egingo ditugu ateratzeak, bai, MUn. Oso eskertuta gaude MUri eta Udalari, laguntzeko prest egon direlako eta asko lagundu digutelako". Ordutegia zabalagoa izango da: 16:30etik 20:00etara bitartean. Donostiatik etorriko dira osasun langileak eta Oñatiko taldeko kideak laguntzen egongo dira.