Mikel Soto (idazlea): "Ausardia da idazteko behar den lehen gauza"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 8a, 09:30
Mikel Soto idazlea. Argazkia: Juantxo Egaña.

Urteetan editore lanetan jardun duen Mikel Sotok Suak pizten direnean bere lehen poesia liburua aurkeztuko du Antixena gaztetxean gaur, egubakoitza, 20:00etan hasita; 19:30ean zabalduko dituzte ateak. Harkaitz Cano eta Irati Jimenez izango ditu alboan.

Hilabete batzuk dira argitaratu zenuela; gustura, orain, emaitzarekin?

Oso gustura. Bertigo pixka bat ematen zidan; uste dut egiten dudan kontakizunagatik eta bestela ere liburu bat argitaratzea beti delako zerbait berezia.

Zure bizialdiko hainbat mugarri jorratu dituzu: kontzientzia politikoa piztea, gazte mugimenduan engaiatzea, gezurretan oinarrituriko atxiloketa... Nola daude bizipen garratz horiek kontatuta?

Esango nuke bizipenok era nahiko zuzenean kontatzen saiatu naizela. Nire poesian badaude edozein poesiatan aurkitu daitezkeen sinboloak, metaforak, errepikapenak, hots-jokoak... baina saiatu naiz kontakizun zuzen bat egiten, inportantea baitzen niretzat hainbat gertakizun eta bizipen transmititzea.

Mikel Soto: "Kontakizun zuzena egiten saiatu naiz, hainbat bizipen transmititzea inportantea zelako"

Zure jaioterria da protagonistetako bat. Nolakoa zen zure gaztaroko Iruñea eta zelakoa gaur egungoa?

Ezberdina, pentsatzen dut, baina beldur handia ematen zidan –eta ematen dit– aspaldiko garaiak idealizatzea. Niretzat dagoen alde nabaria da egun ez dagoela aspaldi zegoen biolentzia maila eta horrek dakarren beldurra. Beldur horren falta da niretzat aldaketa nagusia.

Adiskidetasuna da liburua lotzen duen gaia. Hori da zure motorra?

Oso motor inportantea izan da liburuan, ezbairik gabe, hasi aurretik ere eskaintzan azaltzen da eta liburuaren azken esaldiraino heltzen da. Garai haietan bizitakoa ez luke zentzurik nire lagunik gabe eta haiek daude liburuko bertso bakoitzean.

Zure belaunaldi politikoko gertakari asko kontatzeke daudela diozu. Hutsunea beteago ikusten duzu?

Hutsune ugari daude oraindik, baina pentsatu nahiko nuke orain pixka bat beteago dagoela aipatu hutsunea. Nahiko nuke liburuak ere jende gehiago animatuko balu berea idaztera.

Urteetako editore-esperientziak zertan lagundu dizu?

Erronka zail bati profesionaltasunez heltzen, esango nuke. Esperientziagatik badakit edozein kontakizun erronka zaila dela, eta horregatik saiatu nintzen kontakizun honi ahalik eta garantia gehienekin heltzen. Inportantea izan zen zintzotasunari buruzko erabakia, baina inportantea izan zen ere zuzen- ketei edo errebisioei buruzko erabakia. Alegia, liburua Elkar argitaletxera bidali aurretik, Irati Jimenezen, Asier Serranoren, Harkaitz Canoren, Edorta Jimenezen eta Jon Alonsoren iradokizunak, zuzenketak-eta jaso zituen, eta emaitzan hori igarri egiten dela esango nuke.

Poema-liburu ausart, zintzo eta emankorra dela diote hainbat literatura adituk. Ausardia beharrezkoa da idazteko orduan?

Bai; hori da, agian, idazketa prozesuan izan dudan irakasgai nagusia. Talentua, kontatzeko istorio bat, narrazio egitura original bat... Hori guztia izan aurretik idazteko behar den aurreneko gauza ausardia da.

Ausarta da, zure ustez, gaur egun, euskal literatura eta sormena?

Ausarta da eta ausarta izan behar du. Zerbaitetan kontserbadoreegiak garela uste badut generoen arteko hierarkia absurdoetan da; joera handiegia dugu errealismoa genero seriotzat hartzeko eta besteak –fantastikoa den edozer, bereziki– arbuiatzeko.

Antixena gaztetxean aurkeztuko duzu; aurrerapen bat egiterik?

Ez dakit aurrerapena ote den, baina liburua gaztetxe batean hasten da, Iruñeko Euskal Jain, eta niretzat plazera da beste gaztetxe batean aurkeztea; espero dut hori igarri egingo dela.

Nori gomendatuko zenioke Suak pizten direnean?

Poesia edo gaia maite duen edonori, eta, biak atsegin badituzu... zure liburua da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak