Sancti Spiritusen nondik norakoak, idatziz jasota

Hasier Larrea 2020ko abe. 27a, 06:00

Azpiazu liburuaren aurkezpena egiten (Argazkia: Miren Urkiola)

Lau mendetan zehar Oñatiko unibertsitatera joandako ikasleen eta herritarren arteko egunerokotasuna eta bitxikeriak ditu ardatz Jose antonio azpiazuk argitaratu berri duen 'Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatearen historia soziala' testuliburuak.

Jakina da Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea Euskal Herrian irekitako lehena izan zela, 1542tik 1901era arte jaso zituela bazter ugaritako familia oneko ikasleak eta hezkuntza zentroan Zuzenbidea, Kanon Eklesiastikoak, Medikuntza eta Teologia irakasten zirela, baina baliteke jendeak ez ezagutzea nola gau-zatu zen 359 urte haietan oñatiarrek kanpotik ikastera zetozen gazteekin zein irakasleekin izandako harremana. Irakurleari "interesgarri" iruditu dakizkiokeen gaiak deskribatzen saiatu da Oñatiko unibertsitateko artxiboan ordu ugari eman dituen Jose Antonio Azpiazu legazpiarra, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatearen historia soziala liburua idazterakoan.

Soziologia Juridikoa irakatsi izan duen historialari horren esanetan: "Euskaldunok unibertsitatearekin daukagun zorra kitatzera dator liburua, XVI-XIX. mendeen artean Euskal Herriko unibertsitate bakarra izan baitzen Oñatikoa".

Eraikitzearen arrazoiak

Gaur egungo ikuspuntutik begiratuz gero, ulergaitza egin daiteke lehen unibertsitatea hiriburu batean eraiki ez izana pentsatzea, baina, Azpiazuk zehaztu bezala, "garai hartako Oñatin 5.000 biztanletik gora bizi ziren, Bilbon, Donostian edo Iruñean bezain beste".

Ez hori bakarrik, zenbait pertsona garrantzitsuren bizitoki ere bazen Oñati; bertakoa zen Sancti Spiritus unibertsitatearen sustatzaile nagusia, Carlos V.a erregearen aholkulari izandako Rodrigo de Mercado Suazola. Liburuaren autoreak aipatu du erregearen aholkulariaren ustez Valladolidera, Salamancara edo Alcalara ikastera joan beharrean, "hobe" zela inguruan unibertsitate bat eraikitzea, "kanpora joateko latina ikasi behar zelako, baserritar gazteek lan egiteari utzi beharko ziotelako eta graduatzen lau eta zortzi urte artean ematea inbertsio handia zelako".

zan ere, Gaztelako hiri batean bizitzea Oñati moduko herri batean bizitzea baino "garestiagoa" zen. Gainera, oñatiarrak prest agertu ziren hasieratik hezkuntza zentro hura eraikitzen laguntzeko. "Adibidez, herritarrek basoetako egurra mozteko borondatea erakutsi zuten; bestalde, unibertsitateak martxa hartu zuenean, herriko etxe partikularretan hartzen zuten ostatu ikasle taldeek", gogoratu du legazpiarrak.

RODRIGO DE MERCADO SUAZOLA OÑATIARRA IZAN ZEN UNIBERTSITATEAREN SORRERAN MUGARRI

Familia oneko ikasleak

Jatorri ugaritako milaka pertsona, euskaldunak, gaztelarrak, iparraldekoak, kanariarrak edota hegoamerikarrak, zetozen Oñatiko unibertsitatera, baina gehienek ezaugarri komuna zeukaten, gizonezko dirudunak zirela. Behin ikasketak amaituta, aukera ugari zabaltzen zitzaizkien, Azpiazuk berak nabarmendu duenez: "Batzuk estatu administrazioan hasten ziren lanean, beste batzuk elizan, eta zenbaitek Andaluziara edo Hego Ameriketara jotzen zuten, hidalgoak, jauntxoen semeak eta lizentziatuak izanda, erraztasun handiak izaten zituztelako toki haietan".

Unibertsitate kontserbadorea izanik, lehen emakumezko ikaslea ez zen XIX. mendera arte matrikulatu. Maria Antonia de Cortazar zen haren izena, bi karrera egin zituen eta alarguna zen; beraz, ikasle izan aurretik bere etxean jasotzen zituen unibertsitatean aritzen ziren gazteak, eta baliteke hortik etortzea ikasketak egiteko aukera.

Bitxikeriak, "barra-barra"

Azpiazuk dio "gertaera ugari" aurkituko dituela irakurleak liburuan, "egunerokotasunarekin, jaiekin, liskarrekin, emakumeen eta gizonen arteko auziekin eta krisialdiekin loturikoak, herritarrek unibertsitatearen gara-penean jokatutako rol garrantzitsua albo batera utzi gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak