Esteban Urtzelai: "Erritmo profesional batean sartzea ekarriko dit lan berriak"

Julen Iriondo 2020ko abe. 27a, 09:46
Argazkia: AEDCORO

Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariorde izateko aukeratu dute oñatiarra. Oviedoko Operaren abesbatzaren zuzendari ari da uztailetik; otsailean doa Madrilera.

Oviedon lanean jarraitzen du oraindik zuzendari oñatiarrak. Eten txikiren bat eduki dute, baina funtzio guztiak egiteko aukera izan dute, oraingoz. Lan berria 2024ko irailera artekoa izango du; hasiera batean, behintzat. "Pozik eta ilusioz" hartu du, "ikasten jarraitzeko". Dio iristen ari den tokietara iristen ari bada, hasieretan Oñatin berarekin kantatu zuten haiei esker dela, neurri handi batean.

Espainiako Abesbatza Nazionaleko zuzendariordearena postu garrantzitsua izango da...

Espainia mailan, koru profesionalak, abeslari profesionalez osatutako koruak, esku batekin zenbatu daitezke. Operako koru batzuk daude –Madrilen pare bat, Valentzian, Bartzelonan...–, baina, bestela, koru sinfoniko profesionalak ez daude; RTVEkoa eta hau izango lirateke bakarretakoak. Beraz, esan genezake abeslari profesionalen helburua izaten dela halako abesbatza batean abestea. Eta, bai, ni bertako talde teknikoan sartuko naiz, zuzendariorde.

Eta zuzendariorde figuraren funtzioa zein da?

Zuzendariari laguntzea: taldekako entseguak egiten direnean; ahots batekin zerbait landu behar denean... Edo egunen baten berak ezin duenean bere lana jarraitzea eta taldea aurrera eramatea ere izan daiteke.

Ze aldaketa ekarriko ditu zuretzat postu berriak?

Erritmo profesional batean sartzea ekarriko du. Koru horrek egunero entseatzen du; bi astean behin kontzertu ziklo bat egoten da; horrez gain, aparteko kontzertuak ere izaten dira...

Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Zehazki, ez dakit zenbat jende aurkeztu ginen. Badakit hasieran curriculumen aukeraketa bat egon zela, eta martxoaren hasieran egin genuen lehen probara 30 pasatxo aurkeztu ginen; handik bigarren proba batera bost pasatu ginen, eta azaro bukaeran egindako proban ni aukeratu ninduten.

Zer moduz zaude Oviedon?

Bada, oso ondo, egia esan. Oso lan intentsua izan da; koru zuzendari izateaz gain, orkestra zuzendariaren laguntzaile ere ibili naiz, eta, beraz, egun batzuetan bederatzi-hamar orduko entsegu egunak izaten ziren, baina pila bat ikasi dut. Balio izan dit lehenengo esperientzia moduan, etxetik kanpora egoteko, aspaldiko partez bakarrik bizitzen eta beste mundu baten sartuz. Eta musikalki oso aberasgarria izan da.

Nolakoa izaten ari da urte berezi hau zuen alorrean?

Zaila izaten ari da; aurrera egin nahi, baina traba askorekin. Koru batzuek entseatzeko baimena izateko zortea dute, baina publiko kopuruaren mugak, herritik irteteko mugak... Oso zaila da. Erronka handia izango da berriz ere mugimendu hori lortzea –koruetan abesten duten pertsonak askotan nagusiak dira–; jendea abesbatzetara itzultzea; publikoa itzultzea... Lan handia ekarriko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak