Abenduaren 27an egingo du Ganbara abesbatzak Gabonetako kontzertua. San Migel parrokian izango da, 19:00etan. 28 musikari dituen orkestraz, 45 abeslariz eta zuzendariaz osatuta egongo da argiztapen bereziko ikuskizuna hau. "Bi parte izango ditu, musika erlijiosoa eta profanoa nahastuko dira baina orohar, obra guztiek irudikatuko dute argi jakin baten espiritua: pertsona baten oroitzapena, pertsonen sentimenduak, amaren maitasuna, etab. Sentimendu desberdinek adieraziko duten betiko argia. Beraz, Betiko Argia izango da emanaldiaren obra desberdinek jarraituko duten haria edo ardatza", azaldu dute Ganbara abesbatzako kideek.
Requiem eran idatzitako Morten Lauridsenen Lux Eterna izango da pieza nagusia; Lauridsenek bere ama zendu zenean idatzitako obra da, haren oroimenean marraztutakoa. Obra honetako zenbaki edo atal guztiek izango dute zer ikusia argi horrekin, "betiko argiarekin, alegia". Zortzi pieza datoz Aitor Biainek zuzenduko duten Gabonetako kontzertu honetan.
Sarrerak
Kontzertua San Migel parrokian izango da eta sarrerak salgai daude dagoeneko Txokolateixan, hamar eurotan. Gainera, kontzertu hau ere streaming bitartez ere jarraitu ahal izango da, Goienaren laguntzarekin. Helbide hori faktoriako webgunean eta bere sare sozialetan aurkitu ahalko da.
Faktoria azoka
Bestalde, Ganbara faktoria azoka zabaldu dute. Gune horretan Ganbara faktoriak ekoiztu dituen produktuak erosi ahal izango dira %20ko beherapenarekin. Adibidez: liburuak (Eskolopendra, Jostailugilea, Mirrix katua), CD-ak (Oga, Txiki...), DVD-ak (Pinotxo, Altxorraren uhartea ...). Denda hau, Faktoriaren Gabonetako kontzertutan edota online eran aurki daiteke webgunean sartuta. Azoka hau urtarrilak 6rarte egongo da zabalik.