Oñatiko migratzaileen bizipenak, horma-irudi koloretsuetan

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 18a, 19:19

Migratzaileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta beste urte batez, Oñatiko plaza aldarriz, aniztasunez eta ekintzaz bete da. Askotariko jatorrietatik Oñatira etorritako lagunek eta Herri Mugimenduko eragileek egitarau bolobila prestatu dute.

17:30ean, mural parte-hartzaileak eskegi dituzte udaletxeko arkupeetan, eta ondoren, bideo bat proiektatu dute. Bertan, Debagoienean bizi diren askotariko jatorrietako pertsonek haien bizipenak elkarbanatu dituzte, adi-adi zeuden oñatiarren aurrean. Horrez gain, beste urte batzuetan bezala, musikak ere bere protagonismoa izan du: kantuen letrak banatu dituzte plazan zeudenen artean, eta batera abestea proposatu diete.

Ibis Rodriguez Acesma elkarteko kideak azaldu duenez, gero eta "indar eta esanahi handiagoa" hartzen ari da gaurko eguna. Helburua immigrazioa "ikusaraztea eta protagonismoa ematea" dela gehitu du, eta horretarako hainbat ekintza eta bilera egin dituztela. Auzoko, Caritas, Elkarzabal, Acesma eta Gaztetxeko asanblada aritu dira egitaraua osatzen besteak beste, baina Rodriguezek azpimarratu du etorkinen parte-hartzeari esker gauzatu dela egitaraua.

Sentipenak margotzen

Esan bezala, 17:30ean mural handiak jartzen hasi dira arkupean. Batzuk prest zeuden, baina beste batzuk osatzen joan dira arratsaldean zehar.

Lehenengo horma-irudiak hainbat bileratan egin duten ariketa islatzen zuen. "Etorkinen sentimenduak eta bizitzaren gorabeherak islatzen dira hemen; beren herrialdeetatik alde egitea erabaki zutenetik, hona etorri arte", azaldu du Ibis Rodriguez Acesmako kideak.

Horren ondoan zegoenak, berriz, mezuak zituen itsatsita, eta kritika egitea, errealitatea ikusaraztea eta hasunarketa sustatzea zuen helburu. Hain zuzen ere, kartelek agerian utzi dituzte immigrazioari buruzko zurrumurru ohikoenak: "Atzerritarrek bertakooei lana kentzen digutela uste duzu?", "zure etxeko bat atzerrira lanera badoa berdin pentsatuko duzu?", "lan duin bat nahiko nuke diru laguntzarik ez eskatzeko", zioten.

Beste irudi batzuen artean, munduaren mapa handi bat ere paretan zegoen itsatsita, eta osatzen joateko gonbidapena egiten zuen. "Oñatiko migratzaileek beren jatorrizko herrialdea zein den markatzea da asmoa, horrela, gaur egun hemen dagoen kultur aniztasuna ikus dadin", azaldu du Rodriguezek. Maroko, Sahara, Venezuela, Mauritania, Estatu Batuak... Puntu urdin ugari zeuden kontineenteetan barrena.

Bukatzeko, haurrek ere haien muralak osatu dituzte; haiek ere, marrazkien bidez adierazi dute nola sentitzen duten migrazioaren auzia. Banderak, bihotzak, lagunak, eta batasuna islatzeko artelanak izan dira nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak