Andrea Azkoaga Interiorista saltokiak jaso du Oñatiko erakusleiho lehiaketako sari nagusia

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 18a, 18:25

Andrea Azkoaga Interiorista saltokiko ordezkariek erakusleiho lehiaketako lehen saria jaso duten unea.

Egin berri dute sari banaketa. Kimu-Urtxin loradendak jaso du bigarren saria, eta Barue Interiorismoak saltokiak, berriz, hirugarrena. Herritarren saria Kimu-Urtxin loradendarendako izan da.

Oñatiko Udalak gaur arratsaldean banatu ditu XIII. erakusleiho lehiaketako sariak. Sariak banatzeko ardura hartu duten udal ordezkariak 17:30ean abiatu dira udaletxetik, eta bigarren saria entregatu dute lehenengo. Portu kalean dagoen Kimu-Urtxin loradendan izan dira.

Jarraian, Euskadi Hiribidera egin dute eta Andrea Azkoaga Interiorista saltokian sartu dira lehenengo saria emateko. Izaro Elorza alkatearen, Xabier Igartua batzordeburuaren eta Ainhoa Galdos udal zinegotziaren eskutik jaso dute saria.

Hirugarren saria oso gertu dagoen beste erakusleiho batek jaso du; Santa Marina plazako Barue Interiorismoak saltokiak, hain zuzen ere. Sarituek 500, 300 eta 200 euroko sariak jasoko dituzte.

Sari banaketa ez da horrela bukatu; izan ere, herritarren saria ere banatzeko zegoen. Kasu honetan, Kimu-Urtxin loradendak jaso du eta bertara itzuli dira lehiaketako antolatzaileak saria ematera. 500 euroko beste sari bat jaso dute, beraz, bertan.

21 saltoki lehiaketan

Antolatzaileek jakitera eman dutenez 21 saltokik hartu dute parte, aurten, lehiaketan. Epaimahaikideek balorazioa egiterakoan orduan lau irizpide hartu dituzte kontuan; konposizioa, argiztapena, kolorea eta originaltasuna. Oñatiko Udalak lehiaketan parte hartu duten 21 saltokiak eskertu ditu erakusleihoak apaintzeko egin duten lanagatik.

Herritarren saria erabakitzeko prozesuan, berriz, 1.046 herritarrek hartu dute parte bozketan. Kimu-Urtxin loradendak 267 boto jaso ditu, botoen %26. Botoa eman duten herritarren artean 200 euroko zozketa egin du Udalak, eta Kimu-Urtxin loradendako arduradunek aukeratuko dute zenbaki saritua.

Kimu-Urtxin loradendak bigarren saria eta herritarren saria jaso ditu.

 

Barue Interiorismoak saltokiak jaso du erakusleiho lehiaketako hirugarren saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak