"400dik gora musikari oñatiar daude liburuan"

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko abe. 18a, 10:33

Iñigo Biain Berraondo

Alanbre-hotsa eta jazbana lana kaleratu berri du Iñigo Biain Berraondok. Azken 60 urteetako Oñatiko rockaren historia bildu du oñatiarrak anekdotaz beteriko liburuan. Bihar aurkeztuko dute lana Oñatiko kultura etxean, eta herriko liburu-denda eta ohiko tokietan jarriko dute salgai.

Rock musikak Oñatin utzi duen aztarna liburu batean bildu du Iñigo Biain Berraondo kazetari eta musikari oñatiarrak. Horrela, 60ko hamarkadatik abiatuz eta ia 60 urteko bidaia eginez, herriko rock taldeen historia, anekdotak eta herrian egin diren ekitaldiak batu ditu, besteak beste, Alanbre-hotsa eta jazbana liburuan. Oñatiko Udalak Ereiten argitaletxearekin elkarlanean argitaratu du liburua, Jerardo Elortza bildumaren baitan.

Nolakoa izan da liburua argitaratzerainoko prozesua?

Egia esan, orain dela hamabost urte inguru hasi ginen hainbat belaunalditako zenbait lagun egitasmo honekin. Baina bilera haiek ez zuten segidarik izan, eta neure kabuz jarraitu nuen datuak biltzen eta artxibatzen, Alanbre-hotsa eta jazbana gauzatu arte.

Alanbre-hotsa eta jazbana. Nondik dator liburuaren izenburua?

Lehen bilera haietan finkatu genuen gitarra elektrikoak eta bateria ezinbestekoak zirela talde bat rock esparruan kokatu ahal izateko, eta nik horri eutsi nion liburuari izenburua jartzeko orduan. Izan ere, gure etxean aitak beti deitu izan dio alanbre-hotsa gitarra elektrikoen soinuari, eta jazbana aitaita Antoniori entzun nion lehenbizikoz, guk bateria esaten diogun instrumentua izendatzeko.

"1983KO APIRILEKO PUNK JAIALDI AITZINDARIAK HANKAZ GORA JARRI ZUEN HERRI OSOA"

60ko hamarkadatik 2020ra arte, Oñatitik irten barik, 60 urte inguruko bidaia egiten duzu liburuan...

Bai, hala da. Lehen taldea, Los Culpables, 1965ean sortu zen, eta liburuan jasotzen ditudan azkenak 2019an sortuak dira, eta aurten lanak kaleratu dituztenak: Larru Beltzak, Mila Modu, Tilikum... 55 urteko bidaia biltzen da liburuan, garai bakoitza bere berezitasunekin.

Izan ere, taldeak garaiko egoeraren bueltan kokatzeko, momentuan momentuko testuingurua ere azaltzen duzu liburuan, ezta?

Ahalegindu naiz garai bakoitzeko testuingurua azaltzen, baina lupa 60-70-80ko hamarkadetan jarri dut, bereziki, hainbat arrazoirengatik. Batetik, urte haietako protagonista gehienak oraindik bizi direlako, eta haien testigantzak orain jaso beharra zegoelako. Gainera, garai haietako egoera soziopolitikoa oso bestelakoa zen: diktadura, trantsizioa, gainbehera ekonomikoa, punkaren eztanda... Gaur egungo belaunaldiei garai haiek azaltzea beharrezkoa iruditzen zait.

Rock taldeen uzta aparta egon da Oñatin. Izan ere, 120 proiektutik gora jaso dituzu liburuan. Zergatik izan da mugimendua hain bizia Oñatin?

Musikarako zaletasun handia egon da Oñatin betidanik. Rockari dagokionez, uste dut erabakigarria izan zela Udalak 80ko hamarkadaren erdialdera musikariei lagatako Herri Eskolako sotoa, gero erROCKalde izenez ezagutuko genuena. Soto umel hartatik sortu eta pasa ziren dozenaka talde, duela hiru urte lokal guztiak Eltzia eraikinera pasa ziren arte. Beraz, prekarioa izanda ere, gutxienez, entseatzeko txoko bat izan dute taldeek Oñatin azken 35 urte hauetan.

Taldeez gain, herrian egindako ekitaldi batzuk ere aipatzen dituzu liburuan. Baten bat azpimarratuko zenuke?

Asko izan dira jaialdi bereziak, baina, batzuk esatearren, aipatuko nituzke 1983ko apirileko punk jaialdi aitzindaria –izan zuen oihartzunagatik, eta herri osoa hankaz gora jarri zuelako–, 1998ko jaialdi zapatista –Chiapasera traktore bat bidaltzeko antolatu zena– eta Show Business taldeari laguntza emateko egin zen Lapurrek ez dute rock'n'rolla isilduko! jaialdia –furgonetatik musika-material ugari lapurtu zieten–.

Interes handia piztu du liburuak herrian. Oñatiko lagun asko daude, azkenean, liburuan nola edo hala, ezta?

Nolabait esateko, obra korala da, herriko izen asko baitira protagonista liburuan. Ez dut musikari kopuru zehatza zen-batu, baina 400dik gora izango dira liburuan biltzen direnak. Eta hori, Oñati bezalako herri batean, oso kopuru handia da. Eta, noski, horrek sortzen dituen espektatibak ere handiak dira, guztiok baitugu lagun edo seni-tartekoren bat talde batean jotzen duena.

Jerardo Elortza bildumako hirugarren liburua da hau. Lehena ere zuk idatzi zenuen. Erabat ezberdinak izango ziren biak egiteko prozesuak...

Erabat. Izan ere, Jerardo Elortzarekin berbetan hutsetik abiatutako liburua izan zen, ordu askotako elkarrizketen fruitua; Alanbre-hotsa eta jazbana, aldiz, sintesi-ariketa handia izan da, argitaratu ahal nuena baino askoz material gehiago neukalako pilatuta. Izan ere, taldeengandik jaso dudan erantzuna itzela izan da, eta jaso dudan material kopurua ikaragarria. Eskerrak hemendik guztiei!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak