Sdenka Huaranca: "Migratzaileak ez dira arazo, aukera baizik"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 18a, 07:26

Sdenka Huaranca

Migratzaileen nazioarteko eguna da gaur eta Hotz Oñati, Auzoko, Txipistin, CEAR, ACESMA, Elkarzabal eta Cáritas elkarteek elkarrekin antolatu dute iluntzeko ekitaldia. Murala eta elkarretaratze musikatua egingo dute 17:30etik aurrera plazan; manifestu bat ere irakurriko dute.

Sdenka Huaranca Vaca Cortes (Bolivia, 1964) duela sei urte etorri zen Oñatira, hamar urte Madrilen eman ostean. Berdintasun Kontseiluko kide da.

Nola heldu zinen Oñatira?

Hemengo neska bat ezagutu nuen Bolivian, feminismoaren bueltan aritu ginen biok, eta feminismoari esker nago hemen.

Eta zer moduz zaude hemen?

Oso ondo. Bolivian ere herri batean bizi nintzen, eta herrietan elkarren arteko zaintza handiagoa da. Madrilen, esaterako, ez duzu bizilaguna ezagutzen. Feminista naiz ni, eta, Madrilen ere mugimendu horretan aritu arren, hemen herriko eta taldeko parte naizela sentitzen dut.

Nolakoa izan da integrazioa?

Ez da zaila izan, egia esan. Oñatiar baten eskutik iritsi nintzen eta hemen talde ezberdinetan sartu naiz, jendea ezagutu dut eta herrian integratu naiz. Adibidez, Caritas elkartean hasi nintzen eta emakume emigranteekin batera hasi nintzen lanean. Auzokon euskara ikasteko eta beste ekintza batzuk egiteko aukera izan dut. Udal liburutegira ere joaten naiz eta hango liburu irakurketa saioetan parte hartu, adibidez. Hor ezagutu ditut herriko talde feministak, eta eurekin batera dihardut orain.

Talde asko daude Oñatin migratzaileekin lanean.

Bai; bakoitzak esparru ezberdina lantzen du, gainera, eta oso lagungarria da hori. ElkarZabalen, adibidez, lanaz hitz egiten dugu asko eta guztion artean eztabaidatzen eta erabakitzen dugu nork duen lana izateko lehentasuna. Auzokon herriko integrazioa lantzen da: geure argazkiak atera ditugu eta erakusketa jarri, adibidez, planak egin, hizkuntzara gerturatu... Eta horiek besteko garrantzitsua da Berdintasun Kontseilua. Ederra da hori. Guztiondako berdinak izango diren politikak lantzeko eta orain artekoak aldatzeko gunea da, erakundeekin batera lan egiteko espazioa. Oso garrantzitsua da kanpotik gatozenok ahotsa izatea herriko erakunde lokalean.

Zer moduzkoa izan da oñatiarren erantzuna?

Jende zabala dela esango nuke. Hasieran, begira gelditzen dira, baina gero, ireki egiten dira, familian bezala nago ni hemen. Kanpotik datozenekin hitz egitean, denek diote harrera onena hemen, Oñatin, izan dutela.

Zein da migratzailearen profila?

Emakumea da. Euren seme-alabak jaioterrian utzita etorri dira emakume asko. Lan egin gura dute, eta, askotan, iruzur egiten diete. Esaterako, izen ospetsuko enpresak formakuntzak eskaintzen dizkiete, baina baliorik ez duten ikastaroak izaten dira. Antzerakoa gertatzen da aseguruekin ere: hilero ordainarazi bai, baina ez dute esandako zerbitzua eskaintzen. Bestalde, topatzen dituzten lan gehienak etxe barruko lanak dira, zaintza arlokoak asko; justu, ezkutuan gelditzen den lan esparru batean aritzen dira.

Migratzaileen artean badago batasunik?

Bai; arazoei aurre egiten laguntzen diogu elkarri, bai.

Zein da borroka?

Politikak aldatu behar dira. Orain, gainera, pandemia egoera honetan, inoiz baino argiago gelditu da zaintza oso garrantzitsua dela, adibidez, eta zaintza, kontziliazio edo dependentzia politikak aztertzeko aukera bistan gelditu da. Migratzaileak ez dira arazo, aukera bazik.

Egoera ikusaraztea da arratsaldeko jaialdiaren helburua?

Hori da. 17:30ean, mural bat egiten hasiko gara plazan; musikarako tartea ere egongo da. Manifestu bat prestatu dugu guztion artean, eta horixe irakurriko dugu. Migrazioa gizatiarra eta segurua izateko oraindik asko falta dela aldarrikatuko dugu testu horrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak