Axier Alonso: "Elurretan entrenatu ezin badut, ez naiz lehiatuko"

Maialen Santos 2020ko aza. 27a, 12:01

Txikitatik du gustuko mendia Axier Alonso oñatiarrak. Maiatzetik irailera arte korrika aritzen da; neguan, aldiz, elurra egiten duenean, eski gainean aritzea gurago du.

Epe laburrera begirako lasterketa guztiak etenda dauden arren, ahal moduan entrenatzen jarraitzen du Alonsok.

Korrika zein eski gainean, baina, edozelan ere, mendian...

Egia esan, txikitatik gustatu izan zait mendiaz gozatzea. Maiatz hasieratik irailera korrika egiten dut bertan, eta gainontzeko denboran eskiatzen aritzen naiz. Lagunartean ez bada, gutxitan joaten naiz mendira oinez.

Zertan ari zara orain?

Ekainean lesionatu egin nintzen, eta orain artean errekuperatzen aritu naiz. Duela bi aste hasi nintzen berriro korrika, ordura arte bizikletan aritu bainaiz.

Nola eragin dizu lesioak?

Inoiz ez da lesionatzeko garai ona, baina, lasterketa guztiak etenda daudenez, ez dit horretan askorik eragin.

Nola dago egoera, zehazki?

Lasterketa arruntik ez dago, eta ez dira egongo epe laburrera begira. Are gehiago, 2021ean egitekoak ziren asko dagoeneko utzi dituzte bertan behera.

Eski denboraldia, aldiz, orain da...

Bai. Egutegia irten da eta ari dira lasterketetarako datak zehazten. Gauzak hobera badoaz, agian, izango dugu lehiatzeko aukera.

Noiz aurreikusten duzu lehiatzea?

Dena ondo bidean, urtarril erdialdean Sierra Nevadara joango naiz Euskadiko Selekzioarekin, Espainiako Kopako lasterketa jokatzera.

Itxaropena baduzu, beraz...

Urtarril erditik aurrera zerbait egin ahal izateko itxaropena daukat, bai. Badakit iazko moduko lasterketak ezingo direla egin, hala eta guztiz ere. Osasun krisiak nola eboluzionatzen duen ikusi beharko dugu, lehenbizi; esaterako, martxoan bi aste Alpeetan egitekoa nintzen, eta hori ere bertan behera geratu zait.

Entrenatzen ari zara?

Oraindik ez du elurrik egin, eta, beraz, rollerski-ak erabiltzen ari naiz aste hauetan. Patinen gisakoak dira, eta makilak ere eramaten ditut. Arantzazura bidean, Gomiztegiraino igotzen naiz horiekin, eski entrenamenduaren ordezkari baitira.

Elur barik, ezin eskiatu...

Elurra egiten duenean, Pirinioetara joateko ohitura dut. Iaz, adibidez, urteko sasoi honetarako, ia astebururo joan nintzen hara. Aurten, momentuz, ez du elurrik egin, eta, alde horretatik, lasaiago nago. Elurra egingo balu ere ez dakit hara joateko aukerarik izango ote nukeen, mugikortasuna mugatuta dagoelako.

Esfortzu bat eskatzen du horrek?

Esfortzu gehigarria da, bai. Elurra gutxitan egiten du hemen inguruetan, eta hori desabantaila da niretzat. Izan ere, astebururo mugitu behar izaten dut elur bila.

Lasterketara entrenatu barik joatea aukera bat da, orduan?

Ez. Garbi daukat elurretan entrenatu gabe ez dudala lasterketetan parte hartuko, uste dudalako beharrezkoa dela elurretan aritzea lehenengo. Urtarril erdian bada lasterketa eta astebete lehenagora arte ezin banaiz Pirinioetara joan, ez dut parte hartuko, hortaz.

Eta nola bizi duzu egoera zuk zeuk?

Ziurgabetasun handiz. Sarri, pentsatzen dut ez dakidala zertarako ari naizen entrenatzen, gero parte hartzerik ez badut izango, agian. Eskerrak kirola egitea gogoko dudan eta ez zaidan hainbeste kostatzen.

Zer eskatzen duzu?

Kezkatu egiten nau pentsatzeak aurten, agian, ezingo dudala ezta eskiatzera joan ere. Une honetan sinatu egingo nuke lasterketa bat bera egin ez, eta, trukean, hemendik kanpo mendira edo eskiatzera joaten uztea. Lasterketek motibatu egiten naute, jakina, baina horien gainetik eskiaz disfrutatzea da benetan gustatzen zaidana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak