'Ama' eta 'herria' hitzak, hiru diziplinatatik ikusita

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 20a, 10:55

Mixel Ducau, Andoni Egaña, Caroline Philips eta Andoni Salamero. (Argazkia: Caroline Phillips)

Kontzeptu horien batura du oinarri domekan Oñatin egingo den Amerri ikuskizunak. Andoni Salamero olerkigilea, Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariak eta Andoni Egaña bertsolaria dira bertako parte, baina lekua egingo diete Oñatiko artistei ere.

"Amalurra hitza asko erabiltzen dugu; baita ama-hizkuntza ere... beraz, zergatik ez Amerri? Demagun Oñatin zu zarela bizirik dagoen pertsona bakarra; kasu horretan, Oñati zu zarela esango genuke. Baina Oñatin 12.000 pertsona bizi badira, ez da hain erraza. Horietako bakoitzak bere pentsaera du, bere estetika... baina herriak denak batzen ditu. Norbanako horien guztien herria bat da, bakarra da, eta hala ulertzen dut nik Amerri kontzeptua", azaldu du Andoni Salamero olerkigile eta ikuskizunaren sortzaileak. Domekan taularatuko dute, Oñatiko Santa Ana antzokian –19:00etan–, Musikegunak jaialdiaren baitan. Salamero ez da bakarrik arituko. Mixel Ducau musikaria, Caroline Philips abeslaria eta Andoni Egaña bertsolaria izango ditu oholtzan bidelagun, eta poesiaren, musikaren eta bertsogintzaren prismetatik plazaratuko dituzte Amerri hitz jokoaren atzean ezkutatzen dutena.

Askotariko gaiak

Ikuskizunean zer-nolako hausnarketak dauden galdetuta, zera erantzun du: "Duela bi urte hasi nintzen gidoia idazten. Ama hil zitzaidan, eta dolu moduko bat da niretzako. Hamahiru paragrafo ditu, eta bakoitzean gai bat: horien artean daude, besteak beste, eredu batzuei jarraitzeko gizarteak duen morrontza, norberaren erabakiak beste batzuengan delegatzeko dugun joera, teknologiarekiko mendekotasuna, talentua aurkitzeko beharra, sormenaren balioa eta euskara".

Herriko artistentzat lekua

Aipatutako lau artistez gain, Oñatiko beste hiruk hartuko dute parte: Maider Arregi eta Bittor Zubiagirre bertsolariek, eta baita Haritz Olaeta musikariak. "Ahalegina egiten dugu tokian tokiko artistek gurekin parte har dezaten. Hala egin genuen Zumarragan, eta halaxe egingo dugu Oñatin ere. Azken finean, denok eduki nahi izan dugu aukera bat sentitu, maitatu eta izanarazten gaituen hori plazaratzeko. Are gehiago, norbere herritarren aurrean. Beraz, ahal dugun heinean, euren talentua oholtza gainean erakusteko espazio hori eskaintzen diegu tokian tokiko artistei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak