Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina, kalean

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 19a, 19:43
Kale Barrian dagoen Eroski bidia agentziako langilea sentsibilizazio kanpainako kartela jartzen.

Azaroaren 25ari begira Udalak jarri duen kanpaina da, indarkeria matxistaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko. Urtea bukatu bitartean, aurten herrian egon diren indarkeria kasuak aztertuko ditu udalak, Ertzaintzarekin eta osasun zentroarekin.

Indarkeria matxistaren aurrean, elkarrekin leloa duen sentsibilizazio kanpaina abiatu du aste honetan Udalak, datorren azaroaren 25ari lotuta; Jabetze Eskolan ere landuko dute indarkeriaren gaia. Datorren astean egingo den azaroko ohiko osoko bilkuran, bestalde, gaiari lotutako adierazpen instituzional bateratua onartzeko asmoa du udalbatzak.

Hamar indarkeria kasu

Oñatin aurten, 2020an, urtarriletik hona, indarkeria jasan duten herriko hamar emakume artatu dituzte Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Berdintasuneko udal teknikariak azaldu duenez, baina, baliteke beste batzuek Ertzaintzara deitu izana salaketa jartzeko, edo osasun zentrora. Orain, beste eragile horiekin elkartuko dira udal ordezkariak, eta aurten jaso dituzten datuak, egoerak, partekatu eta aztertuko dituzte, ondorioak atera eta hemendik aurrera eskaintzen jarraituko duten atentzioa osatzeko eta hobetzeko. Zer tendentzia egon den, neurri zuzentzaileak jarri behar diren eta bestelako puntu batzuk landuko dituzte, eta diagnosi batean jaso. Asmoa da diagnosi hori urtearen amaierarako bukatuta egotea.

Urtarrilean sinatu zuten Oñatiko Udalak, Osakidetzak eta Barne Sailak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko protokoloa, eta alde horietako ordezkariak batuko dira orain, aurtengo indarkeria kasuen egoerak aztertzeko. Azterketa horrek ea konfinamenduan indarkeria kasuak areagotu egin diren ere jasoko du. Lehendik egoera hori jasaten zuten emakume askorendako ez da toki seguruena izan etxea konfinamenduan, Berdintasun teknikariak adierazi duenez, eta kasu horiek ere arretaz aztertuko dituzte.

Manifestazioa

Sare feministak eta Udalak elkarrekin osatu dute azken urteetan azaroaren 25ari lotuta antolatutako ekintzen egitaraua. Aurten ere saiatu dira, urrian jarri ziren alde biak harremanetan, baina, egoerak behartuta, zaila egin zaie ezer zehatza antolatzea elkarrekin. Udalak sentsibilizazio kanpaina abiatu du eta sare feministak manifestazioa egiteko asmoa du. Eguenean, azaroak 24, manifestaziorako kartelak eta pankartak egiteko elkartuko dira, gaztetxean, 18:00etatik aurrera. Manifestazioa zein ordutan izango den eta zein ibilbide izango duen oraindik zehaztu gabe dute. Domekan dute hurrengo bilera, eta orduan erabakiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak