Laguntzak eskainiko dizkie Oñatiko Udalak ostalariei

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 18a, 16:18
Itixita dagoen taberna bateko sillak eta mahaiak pilatuta.

Negozioa itxita duten denbora tarteari dagokion hondakinen eta terrazen tasak itzuliko dizkie Oñatiko Udalak ostalariei. Beharra dutenendako diru lerro bat jartzea ere landuko du eta ostalaritzan erabiltzeko bonuen epea luzatu egingo dute. Hirigintza araudia ere malgutzea aztertuko dute terrazak negura egokitzeko. Horiek dira, besteak beste, udaleko ordezkariek eta herriko ostalariek atzo egindako bileraren ostean hartutako ideia batzuk. Biharko batzordean landuko ditu Udal Gobernuak.

Izaro Elorza eta Xabier Igartua udal ordezkariak izan ziren atzo udalaren eta ostalarien arteko bileran, "euren kezkak zuzenean jasotzeko eta laguntza zertan behar duten jakiteko, zer laguntza mota eskertuko luketen jakiteko", soziekonomiako batzordeburu Xabier Igartuak azaldu duen moduan. Beraiekin hitz egin ostean eta "babesa adierazita", laguntza hauek ematea aztertuko du biharko batzordean Udal Gobernuak:

  • Tabernak itxia dauden denbora tarteari dagokion hondakinen eta terrazen tasak itzultzea
  • Gipuzkoako Urak agentziarekin ere egotea hark berdina egin dezan
  • Diru lerro bat jartzeko lanak egin negozioa itxita duen denboran aurrera egiteko arazo ekonomikoak dituen ostalariari laguntzeko
  • Herriko ostatu eta dendetan erabiltzeko martxan dagoen bonuen kanpainan aldaketa bat egitea, ostalaritzan gastatzekoak epe luzeagoa izan dezaten (egun abenduaren 31a aurretik erabili behar dira bonuak, baina laster adieraziko dute ostalaritzan gastatzeko bonuak noiz arte erabil daitezkeen; dendetan erabiltzekoen epea hasierako bera izango da).
  • Hirigintza arauak ere malgutzea aztertuko dute, egoerak irauten duen bitartean neguan terrazak jartzeko zailtasunei aurre egin eta lagungarriak izango zaizkien elementuak jartzeko; hau da, karpak edo estalkiak jartzeko, adibidez. "Hau puntuala izango litzateke, soilik egoera honi erantzuteko".

Ostalaritza ixteko neurria Jaurlaritzatik etorri den moduan, laguntzak ere handik etorri behar direla ikusten du Udal Gobernuak, baina "Udala gertuko instituzioa den neurrian tokatzen zaio laguntzea, eta gertu gaude horretarako", Igartuak azaldu duenez. "Herria bizirik, aktibo, jarraitzeko sektore garrantzitsuaren parte dira ostalariek, sozializazio gune ere badira, eta lagundu beharra dago", gaineratu du.

Oraingoz ez dute beste bilerarik egiteko datarik jarri baina Udalaren eta ostalarien arteko kontaktua etengabea izango dela adierazi du Igartuak.

Zapatuko manifestazioa

Zapatuan Diru publikoa herriarentzat leloarekin egindako manifestazioan herriko hainbat eragilek eta norbanakok hartu zuen parte. Horren aurrean, EH Bilduko udal taldeak azaldu du ez dabilela entzungor: "Erdigunean jarria dugu herritarrek larunbatean emandako mandatua. Pertsona guztiak babesteko eta batzuek bizi duten egoera gogorra ahal beste leuntzeko konpromisoa hartzen dugu", azaldu du. Gaineratu du Udal Gobernuak pandemia hasi zenetik izan duela argi inor alboan utzi gabe egin behar dela aurrera eta argi ikusten duela herritarrei erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen zaien neurri berean, euren zereginak behar moduan bete beharra dutela erakundeek. "Gu, gure zatia -eta geure eskumenekoa ez dena- egiten gabiltza. Beste batzuek ere hala egitea eskatzen dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak