Joxe Anjel Urkia: "Perretxikotan aritzeko ezagutza izan behar da"

Maialen Santos 2020ko aza. 13a, 11:50

Joxe Anjel Urkia (Oñati, 1953) umea zela hasi zen perretxikoen munduan murgiltzen. Egun, gertuko senide eta lagunekin konpartitzen du udazkeneko fruitu horiekiko afizioa.

Noiztik joaten zara perretxikotara?

Sei urte nituela hasi nintzen joaten, aitarekin. Gero anaiekin eta lagunekin ere hasi nintzen joaten, eta emaztearekin ere sarri; bakarrik, gutxitan aritzen naiz, egia esan.

Ondo baino hobeto ezagutzen dituzu mota guztiak, beraz...

Ikasten serio 1982an hasi nintzen; badira urte batzuk, beraz. Horren aurretik gibel urdinak, korosoak, eta ezagunenak bakarrik batzen nituen. Ondo ezagutzen nituenak, alegia. 

Noiz aritzen zara perretxikotan orain?

Erretiratuta nago, beraz, gura eta ahal dudanean. Hala eta guztiz ere, aurten gutxiago aritu naizela aitortu behar dut, beste lehentasun batzuk izan ditut eta.

Hauxe izaten da horiek guztiak batzeko sasoia... 

Hala da, bai. Esango nuke orain dela horretarako garaia, udazkena, sasoia dagoeneko amaitzen ari den arren. Baina batu gura dituenak garaiz dabil oraindik, zerbait aurkitu dezake.

Nolako urtea ari da izaten? 

Egia esan, aurten ez naiz normalean beste aritu perretxikotan, anaia gehiago aritu da. Aurtengoa ez da urterik onena izan,  ez da sasoi indartsurik egon, baina noizean behin jateko beste perretxiko ekarri ditu berak. Saskia beteta ez, baina batutakoa ez dago gaizki. 

Zein ezberdintasun dago, zehazki, perretxiko eta onddoen artean? 

Denak dira perretxikoak. Onddoek dute azpian esponja antzeko bat, eta gainontzeko perretxikoek laminak dituzte. Esponjak edo orratzak dituztenak ez dira arriskutsuak; laminak dituztenak, bai, aldiz. Hori gutxi balitz, azpitik sakutxo bat duten perretxikoak are arriskutsuagoak izan daitezke. 

Zaila izaten da, halere, horiek topatzea... 

Batzuetan bai. Ez direlako irteten guk gura dugunean, eurek gura dutenean, baizik. Beraz, daudenean aprobetxatu behar da bila joateko. 

Ezagutza ezinbestekoa dela diozu... 

Guztiz. Perretxikotan aritzeko ezagutza behar da; ezagutu barik ezin da horretan ibili, arriskutsua izan daiteke. Ezinbestekoa da lehenengo jan ezin direnak zeintzuk diren ezagutzea, hortik hasi behar da. Behin hori jakinda, hasi berria denak hobe du esponja edota orratza dutenak bilatzen hasi, eta gainontzekoak, gero. Laminak dituzten perretxikoak, –arriskutsuagoak– azkenerako utzi.

Zeintzuk izan daitezke, esaterako, arriskutsuak?

Amanita guztiak arriskutsuak dira. Amanita phalloides delakoa da lehenengo ikasi behar dena, perretxiko hilgarria baita. Kolore berde-marroixka du, eta gibel urdinarekin erraz nahastu dezake ezagutzen ez duenak. Baina honek bereizgarri bat dauka: sakutxoa du barrenean.

Zeintzuk jan ditzakegu?

Ba esaterako, Boletus edulis delakoa jateko ederra da. Baina gutxitan aurkitzen da. Onddo onak zeintzuk diren jakiteko badago trikimailu bat: moztu eta okelak bariatzen ez badu –zuria bada– eta zapore gozoa badu, jan daiteke.

Haluzinogenoak ere badaude... 

Bai, Amanita muskaria, esaterako, pozoitsua da, baina ez gehiegi. Siberian alkoholik ez zegoenean boteretsuek mozkortzeko erabiltzen zuten, eta pobreek haien txiza edaten zuten.

Nola prestatu daitezke sukaldean, perretxikoak?

Tortillan jaten ditugu gehien, bana arrautza-irinetan edota plantxan  ere ondo geratzen dira. Pinutelak, bestalde, labean ere egin daitezke. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak