Kepa Aranburu: "Kalitatezko eskaintza izango dugu aurten ere"

Maialen Santos 2020ko aza. 6a, 13:13

Gaur arratsaldean hasiko da Beratu musika jaialdia. Los Sara Fontan eta Sua taldeek irekiko dute hirugarren edizioko egitaraua; bihar eta domekan ere izango da zer ikusi eta entzun. Ordutegietan aldaketak egin dituzte, neurri berrien eraginez. 

Eguaztenean hastekoa zen aurtengo Beratu jaialdia, baina Aitor Etxeberria musikariak ezin izan zuen emanaldia eskaini. Hori horrela, gaur ekingo diote jaialdiari.

Aurreikuspenak ezin izan zenituzten bete eguaztenean...

Aitor Etxebarria musikari gernikarrak Markak dokumentalerako konposatutako soinu banda zuzenean aurkeztu behar zuen egun hartan, Santa Ana aretoan. Baina bertan behera geratu zen hitzordua, eta zapatuko kontzertura ere ez da etorriko; konfinatuta dago.

Dena ondo bidean, gaur ekingo diozue Beratu jaialdiari...

Hala izan dadin espero dugu, bai. Gaur arratsaldean, 19:00etan, Los Sara Fontan eta Sua taldeek eskainiko dute emanaldia Santa Ana aretoan. Bihar, Gaizka Insunza egongo da entzungai, toki eta ordu berean. Lazarragako lorategiak Hakima Flissiren kontzertua hartuko du domekan, 13:00etan, eta Joseba Irazoki –Antixeneko gaztetxearen ordez– gaztelekuan izango da egun berean, 18:00etan.

Zergatik hiru lokalizazio ezberdin?

Urtero saiatzen gara kontzertuak egiteko tokiak deszentralizatzen. Egia da aurten, baldintzengatik, asko zentralizatu ditugula emanaldiak Santa Ana aretoan; izan ere, hori da jende kopuru handien batzea ahalbidetzen digun tokia –betiere, segurtasun neurri guztiak mantenduta–. Beste bi tokiak aire librekoak dira: Lazarraga lorategia eta Antixeneko gaztetxea. Eguraldi txarra egingo balu, gaztelekura lekualdatuko genituzke toki horietan egitekoak diren kontzertuak.

Nolako egitaraua da aurtengoa?

Nibela oso altu dagoela esango nuke. Urtero saiatzen gara kalitatezko eskaintza ematen, eta aurten ere maila oso ondo mantentzen dela uste dut. Nik neuk bereziki ikusteko gogoa dut Los Sara Fontan bikotea: aurretik Za! taldeko kidea zelako euretako bat; eta interesa pizten dit horrek. Hakima Flissiren emanaldia ere oso interesgarria izango delakoan nago.

Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue musikariak?

Antolatzaileen iritziz kalitatezko proposamenak diren horiek ekartzen saiatzen gara. Hori bakarrik ez: saiatzen gara talde bat izan ezik beste guztiak euskaldunak izan daitezen, eta euskaraz aritu daitezen.

Hego zein ipar Euskal Herriko taldeak ekartzen dituzue...

Hala da. Saiatzen gara bietakoak egon daitezen. Aurten Möi Möi Orkestra Magikoa zen etortzekoa udaberrian, baina, jaialdia atzeratu egin genuenez, azkenean, ezingo dira etorri. Horretaz gain, saiatzen gara parekidetasuna bilatzen, taldeetako partaideak gizon zein emakumeak izaten. Emakumeen presentzia bermatuta egon dadin gura dugu eta.

Kataluniatik ere etorriko dira aurten...

Bai. Los Sara Fontan izango da, nolabait, talde gonbidatua.

Zein eboluzio izan du jaialdiak lehen ediziotik?

Entzuleen aldetik izan du eboluziorik handiena. Lehen urtean, normala den moduan, ez zuen inork ezagutzen; bigarrenean, gehixeago ezagutzen zuten; eta hirugarrenean igarri da jendea jakin-mina piztuta zegoela martxoan. Bestetik, proposamen aldetik irizpideak mantendu egin ditugu, eta kalitatea ere mantendu dugula esango nuke.

Sarrerak non eskuratu daitezke?

Oñatiko Udalaren webgunean eta Txokolateixan. Santa Anako kontzertuetarako salneurria 7 eurokoa izango da, baina Insunzarena eta Santanatik kanpokoak doan izango dira. Emanaldi guztietarako eskuratu beharko dira sarrerak, hala ere.

Segurtasun neurriak ere errespetatu beharko dira...

Bai. Gehienez ere, edukieraren erdia beteko dugu toki guztietan, eta, jakina, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da.

Erlazionatuak

Gaztelekuan joko du domekan Joseba Irazokik

Oihana Elorza Gorostiza 2020 aza 06 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak