Zer kontatu gura duzue ikuskizun honekin?
Duela 200 bat urte, Agustin Xaho zuberotarra etorri zen Nafarroara gerrako kronika egitera, euskaldunak euren eskubide nazionalen alde borrokan ari zirelarik. Egin zuen ibilbide hartan liburu bat idatzi zuen, momentu historiko hura jasoz, Europako beste hainbat borroka ere aipatuz. Eta liburu horretan dago bere tesi politikoaren muina ere.
Bidaia hori kontatzen du Aztihitza ikuskizunak?
Bai, baina aitzakia horrekin Xahoren ondarea ere errepasatu gura izan dugu.
Ze ondare da hori?
Egun, baditugu komunikabideak euskaraz, zorionez, baina ez da ahantzi behar Xahok abiatu zuela lehendabizikoa: Euskal Herriko gazeta. Dena zegoen euskaraz idatzita. Baionan argitaratu zuen.
Bere diskurtsoa ere azaltzen da ikuskizunean?
Bai. Ikaragarri inportantea izan zen, nire ustez, politika aldetik. Bera ezkertiarra zen bihotzez eta errotik. Baita independentista ere.
Aitor izenaren sortzailea ere bera da, ezta?
Bai. Amagoia edo herensugearen mitoa ere bere asmakuntzak dira, adibidez. Bestalde, diskurtso feminista bat ere garatu zuen. Frantziako emakume idazleen elitearekin harreman estua izan zuen eta XIX. mende hasieran idatzitako esaldi feministak argiratu zituen, adibidez.
Zergatik Agustin Xahori buruzkoa?
Gauza askotan nabarmendu zen, baina baztertua izan da.
Oñatin ere bide hori egingo duzue?
Bai, baina ez dugu bera nor zen kontatuko bakarrik, kantatu ere egingo dugu. Ihintz Iriartek abestu egingo du eta hiru akto-re ere etorriko dira: Jean Mari Irigoien, Daniel Arbeletxe eta Maria Ines Gorostiaga. Denon artean kontatuko dugu Xahoren kosmologia; hau da, nola asmatu zuen munduaren sorrera balizko euskaldunen mitologiaren arabera.