Emakumeen Txokoa egokitu dute liburutegian

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 22a, 11:08

Emakumeei eta feminismoari lotutako idazleak, gaiak eta liburuak daude liburutegiko bigarren solairuan egokitu duten Emakumeen Txokoan. Oñatiko Emakumearen Kontseiluak egindako proposamena izan da eta EAE osoan izango du oihartzuna.

Eguaztenean, atzo, egin zuten liburutegian egokitu duten Emakumeen Txokoaren aurkezpena, justu, zapatuan ospatuko den Liburutegien Nazioarteko Egunaren bezperan. Ez da kasualitatea izan, "propio" aukeratu dute eguna, liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondoren esanetan: "Oso albiste ona da txoko hau erabilgarri egotea, modu ezin hobea Liburutegien Eguna ospatzeko".

Bigarren solairuan dago

Aurretik ere jartzen zieten arreta emakumearen inguruko liburuei herriko bibliotekako beste gune batzuetan; haur liburutegian, kasu. Orain, baina, txoko propioa izango dute liburu eta egile horiek. Helduen liburutegiko bigarren solairuan prestatu dute txokoa, lasai irakurtzeko besaulki eta guzti. EMAhizkiak eta emakumearen ikurra dituzte han pilatutako liburu guztiek. "Txoko feminista edo txoko morea ere erabili genituen ahoan tokiari izena erabakitzeko orduan, baina, azkenean, Emakumeen Txokoaren alde egin genuen, genero ikuspegiak eta feminismoak garrantzia izan arren gure lanean beste hainbat arlotako liburuak ere pilatu ahal ditugulako hor. Esaterako, gerra zibilean hainbat emakumek egindako lana jasotzen duen liburu bat dugu. Orduan ez zuten feminismotik egingo, ziurrenik, baina, duda barik, euren lana garrantzitsua izan zen eta liburu horrek ere hortxe du tokia", azaldu du Arantzazu Ibarrondok.

Hor dauden liburuak pilatzeko lanean aritu dira azken hilabeteetan liburutegiko langileak, sail ezberdinetan zeuden liburuak apartatu eta hor jartzeko. Horrela, komikiak, nobelak, biografiak eta saiakerak daude, besteak beste.

Oñatitik kanpo ere bai

Arantzazu Ibarrondo oso pozik zegoen atzoko aurkezpenean, txoko horren proposamena herritarrengandik heldu delako: "Beti esaten dugu edozein etorri ahal dela hona eta proposamenak egin, gauzak antolatzeko, liburutegia beti dago zabalik. Proposamen hau Oñatiko Emakumeen Kontseilutik etorri da, eta oso pozik gaude, bai".

Gainera, txokoa berez Oñatiko udal liburutegian egon arren, oihartzuna EAE osora heltzen da, Oñatiko udal liburutegia Euskadiko liburutegien sarean dago-eta sartuta: "Beste herri batzuetan badute antzerako txokoak, baina ez askotan. Hemengo bibliografia, gainera, Oñati-tik kanpo ere erabilgarri egongo da; oso garrantzitsua da hori".

Poema musikatuak

Atzoko aurkezpenean Arantzazu Ibarrondok ez ezik Emakumeen Kontseiluko kideek ere hartu zuten berba. Txoko hau "hobeagoa izango den" norabaiteko abiapuntua dela aipatu zuten. Horrekin batera, Oñatiko Emakumeen Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena ere egin zuten: "2018an sortu zen kontseilua, udalaren eta herritarren arteko zubi lanak egiteko eta edonor dago gonbidatuta".

Bestalde, Eider Perez eta Leire Etxezarreta bikoteak Andre eta Jabe ikuskizuna egin zuten, euskal emakume poeten bizitzak eta ahotsak aurkeztu zituen musikak lagun, aintzinako eresietako bertsolarietatik hasi eta egungo poetenganaino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak