Espazio egonkorra izango du aurten Oñatiko Jabetze Eskolak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 19a, 18:40

Anik Zubizarreta, Izaro Elorza, Ainhoa Galdos eta Jone Arriolabengoa gaur goizeko aurkezpenean.

Euskaldun Berria gelan egokituko dute espazio egonkor hori eta ikasturte osoan egongo da martxan. Emakumeen ondoez eta beharretara egokitutako lanketa bat eskainiko du. Ikastaroak eta hitzaldiak ere egongo dira.

Berritasunak ditu datorren hilabetean ikasturtea hasiko duen Emakumeen Jabetze Eskolak. Aurten ikasturte osoan egongo da martxan eskola hori. Espazio egonkor bat izango du Euskaldun Berrian gelan eta era ezberdinetako gaiak landuko eta eztabaidatuko dituzte han. Eguenetan elkartuko dira eta dinamizatzaile batek gidatuko du taldea. "Emakumeendako topagune bat izango da, espazio zabala eta irekia nork bere ondoeza konpartitzeko edo gaien inguruko lanketak egiteko", azaldu du Izaro Elorza alkateak, berdintasuneko batzordeburuak. "Ikastaroetan egiten den lanketa hortxe gelditzen da askotan, eta gune honek aukera emango du lantzen jarraitzeko adibidez", gehitu du berdintasuneko udal teknikariak, Jone Arriolabengoak.

Espazio egonkor hori egoteaz gain, ikastaroak ere antolatu dira, orain arte egin den moduan, eta hilean behin hitzaldi bat edo solasaldi bat egongo da. Oñatira etorriko dira, adibidez: Nerea Barjola, Irati Garcia, Estitxu Garai, Irantzu Varela edo Wikiemakumeak besteak beste.

Izena eman behar da

Ohiko moduan ikastaroak hasi baino astebete lehenago zabalduko da izen-ematea; espazio egonkorrerako ere eman behar da izena. Ikastaroak, hitzaldiak eta antolatuko dituzten ekintzak aurrez aurrekoak izatea lehenesten dute udal ordezkariek, baina online egiteko aukera baztertu barik, horrela egitea tokatuz gero. Ikastaroetako edukiera ere unean unekoa izango da eta horregatik ere komeni da izena aurrez ematea.

400 emakume baino gehiagok

Udalak kudeatzen du Oñatiko Emakumeen Jabetze Eskola 2017tik; aurretik Andraitz emakume taldeak egiten zuen lan hori. Gaurko aurkezpenean emandako datuen arabera, 2017tik hona 50 ikastaro eta hitzaldi baino gehiago antolatu dituzte eta 400 emakumetik gora hartu dute parte.

Elorzak azaldu duen moduan, urte hasieran hausnarketa faseari ekin zioten eta COVID 19-ak eragindako egoeraren analisitik aberastu dute lanketa hori: "Garai zailak bizi izan ditugu, eta bizitzen ari gara, bakoitza bere errealitatetik. Eta esango genuke agerian geratu dela hilabete hauetan zehar, sareak eta espazioak ehuntzen jarraitzeko dugun beharra. Elkar zaintzeko espazio erreferentzialak behar ditugu, elkar ulertu eta babesteko, hausnarketarako, antolaketarako, aldaketak eragiteko".

Gaur egin du Emakumeen Jabetze Eskolako aurkezpena eta izen-ematea zabalik dagoela gogoratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak