Oñatiko turismoaren diagnosia aurkeztu dute goizean

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 19a, 13:49

Oñatiko Udala herriko turismoaren plan estrategikoa egiten hasi da eta gaur egin du diagnosiaren aurkezpena. Sektoreak herrian dituen indarguneak eta ahuleziak identifikatu dituzte eta erronka horiei erantzuteko ekintza plana egingo dute orain. Erronka horien artean agertu dira, adibidez, Oñatira joateko dagoen komunikazio eskasa, industria turismoa aintzat hartzea eta bailara mailako harremanak sendotzea.

Oñatiko Udalak herriko turismoaren plan estrategikoa jarri du martxan 2021-2025era epealdirako. Egungo turismoa aztertzen ibili dira urte hasieratik, sektorean lana egiten duten bertako herritarrekin. Hainbat elkarrizketa eta inkesta egin dituzte eta horrekin bete dute diagnosia: azterketa horretan jaso dituzte turismoak Oñatin dituen indarguneak eta ahuleziak.

Diagnosi honekin, ekintza plana zehazten hasiko da Udala. Azken plana duela 10 urte egin zuen eta ordutik hona aldatu egin da turismoa egiteko modua: mugikortasuna da horietako arrazoietako bat eta internet beste bat. Orain, gainera, COVIDak aldaketak ekarri ditu turismora ere, eta Udalak egingo duen plana epe luzekoa bada ere, aldaketa horiek kontutan hartuta hasiko dira lanean.

Bost ardatz ditu planak

Turismo planak egiten aditua den Beinke enpresarekin batera ari da diseinatzen Oñatiko Udala plana eta turismo ondo ezagutzen duen Lurdes Romano oñatiarra da gidaria; bera izan zen Oñatiko lehen Turismo Bulegoko arduraduna duela 30 urte baino gehiago.

Bost ardatz ditu plan honek eta bakoitzaren aldekoak eta kontrakoak jaso dituzte. Hala, turismo lekuaren, marketinaren, eskaintzaren, leihakortasunaren eta kudeaketaren egungo indarguneak eta ahuleziak identifikatu dituzte. Ahulezia horietako batzuk dira, esaterako: Oñati marka turistikoaren posizionamendu baxua, ondare-elementu batzuetan irisgarritasun mugatua, herrira etortzeko garraio eskasa eta industria turismoa kontutan hartu beharra. Beste erakunde batzuekin izan beharreko harremanak hobetu beharra ere aipatu du Romanok, Mankomunitatearekin esaerako, eta herrian dauden beste jardun eta eraikin batzuei etekin handiagoa atera behar zaiela, adibidez Unibertsitatearen eskaintza zabaltzeko eta Lege Soziologia Institutuaren oihartzuna aprobetxatzeko.

Turistaren perfila aldatu egin da

Baina, batez ere, hemendik aurrera Oñatira etorriko den turistaren perfila orain artekoaren desberdina izango dela aipatu du Romanok, eta hori kontutan hartu behar dela. Oraingo turista naturarekin lotura bila dabil, eta eskaintza hori badu Oñatik.

Diagnosi hau eskuetan hartuta hasiko da lanean Oñatiko Udala turismoaren plan estrategiko berria lantzeko. Asmoa da hurrengo urteko lehen seihilekorako bukatuta egotea ekintza plana eta bigarrenean ekintza horietako batzuk gauzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak