Upaingua baserritik Arabako Errioxaraino

Mireia Bikuña 2020ko urr. 17a, 08:00
Upaingua baserriko mahastia

Marques de Riscal upategiko txakolina Oñatiko Zañartu auzoan dauden mahastietako Hondarribi Zuri mahatsarekin egiten dute 2018a ezkero. Juan Zelaia Fundazioaren eta Eltziegoko upategiaren arteko akordioaren emaitza da txakolin hori.

Juan Zelaia hil zenean (1920- 2016), Upaingua baserriko upategia eta mahastiak Juan Zelaia Fundazioaren esku geratu ziren. Mahastiei eta upategiari irtenbide oparoa emate aldera, Fundazioko ordezkariak Marques de Riscal upategiko arduradunekin berba egin zuten: euren txakolina egiteko Upainguako mahatsak erabiltzeko proposamena egin zieten. "Eltziegon dagoen upategiko arduradunak Upainguan egon ziren, eta hemengo mahatsa gustatu zitzaien. Horrela hasi ginen Marques de Riscalendako txakolina egiten", esan du Juan Zelaia Fundazioko langile Iñaki Gerekak. 2018an hasi ziren elkarrekin lanean, eta orduko txakolina 2019an merkaturatu zuten, bi markarekin: Marques de Riscal eta Upainberri. Prozesuaren azken pauso hori Eltziegon egiten dute. "Guk produkzio lan osoa egiten dugu: mahatsa batu, fermentatu, botiletan sartu... Ostean, komertzializazioa Marques de Riscal markarekin egiten dute, euren banaketa sare zabala aprobetxatuz", dio Gerekak.

Botilan zehazten da Upaingua baserrian egindakoa dela, eta Getariako Txakolina jatorri izenaren baitakoa dela.

Eskuz batutako mahatsa

Upaingua baserrian hiru mahats mota dituzte: Hondarribi Zuria, Hondarribi Txikia eta Risline. "Hirurak aparte fermentatzen ditugu, eta ostean, Marques de Riscaleko enologoak erabakitzen du zein txakolin aukeratu, edo elkarren artean nahastu. Oraingoz, oso gustura daude hemen egiten dugunarekin". Dagoeneko egin dute aurtengo mahats-bilketa. Modua ere aldatu beharra izan dute. "Guk makinak erabiltzen genituen, baina orain, eskuz egiten dugu. Hori da beste baldintza bat. 35 bat lagun ibili gara mahatsa batzen, egunean hamalau bat ordu lan eginda".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak