Parte hartzeko gonbidapena egin du Oñatiko Auzokok

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 14a, 19:35
Egitasmoan parte hartzen duten hainbat herritar saioetako batean.

Egun Oñatin 36 hizkuntza ezberdin hitz egiten da eta aniztasun hori bultzatu gura du Auzokok, euskara ardatz hartuta. Euskara eta beste kultura, ohitura eta pertsona batzuk ezagutzea dute helburu, jolasak, tailerrak eta herrian ekintzak eginez.

Zazpigarren ikasturtea abiaraziko du Euskaltzaleen Topaguneak Oñatiko Udalarekin batera martxan jarritako Auzoko programak. "Euskaratik urrun bizi direnentzat harrera programa bat da. Bere helburua herrian ditugun kultura eta hizkuntza desberdinak aintzat hartzea eta elkar ezagutzea da; betiere, euskara eta euskal kultura ardatz eta guztion arteko loturatzat harturik. Pertsonak, atzerritarrak zein bertakoak, euskarara gerturatzea eta, bide batez, herrian integratzen laguntzea helburu duen egitasmoa da Auzoko, euren hizkuntzak eta kultur aniztasuna aitortuz eta baloratuz", azaldu du dinamizatzaileak, Carol Palaciosek.

Astean behin dira saioak

Euskaraz dakitenak eta ikasi gura dutenak elkartu, eta saio ezberdinak egiten dituzte euskara, Oñati, inguruak eta bertako zein kanpoko ohiturak eta kulturak ezagutzeko. "Antolatzen ditugun saioak beti dira dibertigarriak eta, batez ere, erabilgarriak, jolasen, dinamiken edo abestien bidez, esaterako. Ekintzak osagarriak ere antolatzen ditugu: irteerak, txangoak... eta herriko ekintzetan ere parte hartzen dugu", dio Palaciok.

Ekimenean parte hartzeko bi bide zabaldu dituzte: onati.auzoko@topagunea.eus helbidea eta 661 74 35 01 telefono zenbakia.

-------------

Carol Palacio: "Sorkuntza eta zaintza gunea da niretzat Auzoko proiektua"

Bigarren ikasturtea egingo du Carol Palaciosek (Callosa d'En Sarria, Valentzia, 1990) Auzoko Oñati dinamizatzen.

Zer da Auzoko zuretzat? Nola bizi duzu?

Niretzat Auzoko da sorkuntza eta zainketa gunea. Sorkuntza gunea, errealitate desberdinak bizi dituzten pertsonen arteko harremana bultzatzen duen espazioa delako eta elkargune horretan gauza berri zoragarriak sortzen direlako. Eta zainketa, harremanak ehuntzeari eta elkar laguntzeari garrantzi handia ematen diogulako.

Nolako taldea da Oñatiko Auzoko?

Oso talde dibertigarria da! Taldeko jendea zoragarria da, eskuzabalak dira eta beti gogotsua daude ikasteko eta irakasteko. Plazera da eurekin lan egitea, benetan! Auzokideak eta auzotarrak zaudete talde horretan.

Zer ikasten du batak bestearengandik?

Gakoa da auzokideek euskararako ibilbidea egitea auzotarren eskutik. Horregatik, bi profilak dira beharrezkoak, egitasmoa arrakastatsua gerta dadin. Beraz, herritar guztiak daude gonbidatuta Auzokon parte hartzera.

Zergatik merezi du Auzoko proiektuan parte hartzea?

Oso esperientzia aberasgarria delako, eta ez du lotura handirik eskatzen; astean behin 1,5 orduko saioak dira. Euskal Herrian dagoen kultur eta hizkuntza aberastasuna ezagutzeko modu paregabea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak