Arropa biltegirako arduraduna behar da Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 13a, 07:10
Oñatiko Kale Zaharrean dagoen elkartasunerako arropa biltegia

Oñatiko Hermansoloña elkarteak Kale Zaharreko arropa biltegian jasotzen ditu beharra dutenen artean banatzeko arropa eta bestelakoak. Jose Antonio Urteaga da biltegi horren koordinatzailea hasieratik, 2001etik, baina utzi egin gura dio ardura horri, eta ordezko baten bila hasi dira.

2001. urtean Argentinara laguntza bidaltzeko hasi ziren arropa biltzen; hiru edukiontzi ere bidali izan dituzte hara urte batzuetan. 2017an itxi egin zituzten mugak eta harrezkero ez dute hara ezer bidali, baina urteetako lan horrek oihartzuna izan du eta hara ez ezik beste toki batzuetara ere hasi ziren bidaltzen laguntza duela bost bat urte. "Caritas elkartearekin serio kolaboratzen 2016. urte inguruan hasi ginen. Hotz Oñati elkartearekin dugun harremana ere orduan hasi zen gauzatzen eta Saharara bidaltzen ere hasi ginen. Gero, 2018an, Larrañako egoiliarrendako beharra heldu zen. Eta egun jarraitzen dugu kolektibo horiekin guztiekin elkarlanean, arropa beharra dutenei laguntza hori helarazten", dio Jose Antonio Urteagak.

Lokalean jasotzen diren arropak antolatu eta banaketaz arduratzeko prest dagoen norbaiten bila dabiltza orain, Urteagak lana hori uzten duenean elkartasun zerbitzu horrek aurrera jarrai dezan.

-----------

Jose Antonio Urteaga: "Elkartasun zerbitzu honek jarraitu behar duela uste dut, beharra dago"

Jose Antonio Urteagak (Oñati, 1948) 20 urte beteko ditu elkartasun arropa biltegiaren arduradun izaten datorren uztailean.

Zer lan dakar arropa biltegiaz arduratzeak?

Jasotzen dugun materiala -arropa, bizikleta, poltsa, jostailu...- sailkatu egiten dugu lehenengo Socorro Peña emazteak eta biok, eta gero, dauden beharrei kasu egin eta haiendako kaxak prestatu. Ez gaude bakarrik, laguntzaile talde ona dago gurekin.

Elkarteen eskaerak hartzen dituzue, ezta?

Hori da. Caritasek, Hotz Oñatik, Larrañak eta Saharako taldeak, adibidez, behar dutena lortzen saiatzen gara, eta behar horiei erantzuten diegu. Norbanakoren bat arropa bila etortzen bada, gura lana egiteko modua azaltzen diogu, eta elkarte horietara bideratzen. Emaus-era ere eramaten dugu arropa.

Oñatin bakarrik?

Gehiena bai, baina Bilbora eta Andaluziara ere bidali ditugu kaxak, adibidez.

Beharra handitzen doa?

Caritas-era astero bidaltzen dugu arropa eta bolumena gero eta handiagoa da, egia esan; beharra handituz doa antza, bai.

Uste duzu elkartasun handia dagoela Oñatin?

Bai; herritarrek oso ondo erantzuten dute. Eskertzekoa da hori.

Zer gertatuko da ordezkorik ez bada agertzen?

Dugun material pila ikusita, uste dut beste urtebetez zerbitzua emango genukeela, jasotzeari utzita ere. Baina zerbitzu honek jarraitu behar duela uste dut, beharrezkoa da. Egia da lan apur bat ematen duela, baina jasotzen den poztasuna handia da.

Zeren beharra duzue orain?

Gizonendako oinetakoak, kirola egiteko prakak, gerrikoak, haur zein nagusiendako barruko arropak, maleta gurpildunak, mantak eta josteko makinak, adibidez. Josten hasi gura duten saharar familia asko daude eta makinak behar dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak