Danel Casais: "Tropelari erronka jotzea gustatzen zait"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 12a, 16:44
Danel Casais txirrindularia, Oñatin

Bigarren egin zuen Lazkaomendin eta Gipuzkoako erlojupekoan, Zumaiakoan hirugarren eta lehenengo Villatuertan (Nafarroa) eta Oñatiko Mikel Deuna sarian, besteak beste. Podiumnera igota modu horretan bukatu gurako luke aurtengo denboraldia

Emaitza horiek ikusita, bolada onean zaudela ezin uka, ezta?

Hala da, bai. Bolada onean nago, baina honen atzean prestaketa eta entrenamendu ordu asko daude.

Zenbat lan?

Oso zorrotza naiz eta asko entrenatzen naiz, astean egun ba-tean bakarrik hartzen dut atseden. Elikadura ere zaintzen dut.

Konfinamenduak on egin dizula esan daiteke?

Ikusten nuen luze joango zela konfinamendua, eta lasai hartzea erabaki nuen: entrenatu bai, baina lasai. Errepidera ateratzea posible izan zenetik, gogortu egin ditut entrenamenduak. Eta emaitza onak eman dizkit taktika horrek. Beste batzuk topera ibili ziren etxean egon ginen asteetan, arrabolean, eta lehen lasterketetan oso fuerte ibili ziren, baina gero, ez horrenbeste. Nik, aldiz, alderantzizko prozesua izan dut.

Irabazi dituzun lasterketetan, Villatuertan eta Oñatin, esaterako, tropela utzi eta bakarrik egin dituzu kilometro asko. Hori da zure ezaugarrietako bat?

Txirrindulari mota ezberdinak daude. Nik, adibidez, aukera gutxi ditut helmugan lehena sartzeko denok tropelean heltzen bagara; ni baino hobeak dira asko esprintean. Aldiz, bakarrik ondo sentitzen naiz, gustura ibiltzen naiz. Entrenamenduak ere bakarrik egiten ditut asko, eta hori izan daiteke horren arrazoietako bat. Bestalde, lasterketan mugimendua egotea ere gustatzen zait eta ihesaldietan parte hartzea atsegin dut. Helmugara tropelari erronka jota heltzea gustatzen zait.

Horrela irabazi zenuen Mikel Deuna lasterketa Oñatin?

Han ere nahiko hasieran egin nuen lehen ihesaldia. Bigarrenean, lauzpabost gelditu ginen. Besteak ezagutzen nituen, lasterketetan askotan kointziditu dugulako, eta kilometroak egin ahala gero eta argiago ikusten nuen karrera irabazteko aukera. Garrantzitsua da nork bere bu ruarengan konfiantza izatea eta bere ahalmenetan sinistea.

Urte asko pasa dira, gainera, proba hori azkenengoz oñatiar batek irabazi zuenetik.

Ez nuen datu hori ezagutzen, baina lasterketa amaitu zenean esan zidaten, bai, Mikel Lizarralde izan zela irabazi zuen azken oñatiarra.

Lasterketaren ibilbidea ezagutzera joaten zara aurretik beti?

Hemen ingurukoak baldin badira ez, ohiko entrenamenduetan bertatik pasatzen naizelako. Baina, adibidez, Nafarroara edo Bizkaira joaten naiz aurretik, bai, aitarekin.

Bi lasterketa gelditzen zaizkizue denboraldia amaitzeko.

Bai, hilaren 17an Gipuzkoako txapelketa Mendaron eta 25ean Zumarragan beste lasterketa bat. Ea aurreneko postuetan egonda bukatzen dudan denboraldia.

Eta gero zer?

Gero, hilabetez albo batera utziko dut bizikleta eta deskantsatu eta kiloak hartuko ditut. Lagunekin frontenisean ibili, tarteka mendira joan... Aste horietan oporrak hartzen ditut, nolabait esatearren, txirrindularitzan. Eta gero, berriz hasiko naiz eguneroko errutinan, dieta zaindu eta entrenatzen. Hala ere, ia egunero egin, ikusi edo entzuten dut zerbait txirrindularitzari lotuta. Buruan sartuta daukat txirrindularitza. Oso gustuko dudan kirola da.

Hurrengo urtean, beraz, jarraituko duzu txirrindularitzan?

Bai, bai. Txirrindulari profesionala izatea da nire nahia, eta nire aldetik ahal dudan guztia egiteko prest nago horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak