Positibo eman duen jokalaria martitzenean sentitu zen ondoezik, eta aurreko bi egunetan berarekin harremana izan zuten pertsonak zerrendatzeko eskatu zioten aztarnalariek. "Domekan eta astelehenean ez nintzen taldekoekin egon, baina zapatuan lagunartekoa jokatu genuela ikusita, izenak eman nituen, badaezpada", adierazi du jokalariak.
Hain zuzen, Antzuolaren arteko neurketan bigarren zatia jokatu zutenak daude konfinatuta, positibo eman duenak ere bigarren zatia jokatu zuelako. Asteon egindako entrenamendu saioetara ez zen joan; horrenbestez, ez zen taldekoekin harremanetan izan. "Edozelan ere, neurri guztiak ari gara betetzen, eta aldagelako kontaktua saihesteko etxetik joaten gara aldatuta", diote.
PCR probak gaur goizean egin dizkiote talde erdiari, eta horien emaitza bihar jasotzea aurreikusten dutela azaldu dute. Hala eta guztiz ere, "sintomarik gabe" daude guztiak. Positibo eman duena ere "ondo" dago, berak azaldu duenez.
Liga hastea espero dute
Datorren hastean hasiko du futbol denboraldia Aloñako gorengo taldeak, eta Elgoibarren kontrako neurketa jokatu ahal izatea espero dute. "Dena ondobidean, positibo gehiago baieztatzen ez badira, urriaren 13an amaituko dute konfinamendua –3an izan genuelako azken kontaktua–; beraz, partidua jokatzeko moduan egongo ginateke", esan dute taldetik.