Artzain eskolan ikasten, ogibide berri baten bila

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 9a, 09:48

Urtzi Etxeberria, Gomiztegiko Artzain Eskolako atean.

Gomiztegiko Artzain Eskolako hamalau ikasleetako bat da Urtzi Etxeberria oñatiarra. Fabriketan lanean aritu ostean, landa eremuan zer aukera izan dezakeen ikusteko eman du izena joan den astean hasi eta martxoan amaituko dituen ikasketetan.

Artzaintzarekin harreman zuzenik izan ez duen arren, Gomiztegiko Artzain Eskolan sartu berri da Urtzi Etxeberria oñatiarra. Betidanik izan du gustuko mundu hori, baina familia kaletarra du, eta ez dauka ez sailik ezta baserririk ere. Are gehiago, azken urteetan fabrikaz fabrika aritu da lanean, baina, lan ezegonkorra zenez, beste bide bat probatzea erabaki, eta Artzain Eskolan sartu da. Aurtengo ikasturtean hamalau ikasle izango dira, eta Etxeberria da Debagoienekoa den bakarra.

Zortzi urtez lantegietan aritu ostean erabaki du Gomiztegira joatea 42 urteko oñatiarrak. Aldi baterako kontratuekin aritu da han-hemenka, eta bere buruari beste aukera bat emateko momentua zela pentsatu zuen. "Sei hilabetez ikasten egoteko moduan nengoela ikusita, erabaki nuen neure buruari luxu hori ematea", azaldu du. Aurretik ere aritu zen abeltzaintza ikasketak egiten, Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza Eskolan, baina, behin hori amaituta, industrian sartu zen, eta peoi lanak egiten aritu da harrezkero. "Aldi baterako kontratuekin egon naiz, eta horrek ez dit segurtasunik ematen", adierazi du.

Naturak sorrarazi dion kuriositateak eraman du, besteak beste, Gomiztegira, eta inguru horrekin harremana garatzeko modu bat dela uste du. "Beste bide bat da hau, eta ikusi nahi dut zer aukera dagoen, ez baitaukat oso argi zer egin nahi dudan", azaldu du. Hala ere, aitortu du entzun duenagatik ez duela samur ikusten lanbide horretatik bizi ahal izatea. "Beste edozein arlotan ere zail dago kontua", gaineratu du.

Ustiategi batekin amesten

Etxeberriaren lan "ideala" ustiategi propioa edukitzea izango litzateke; ahal dela, beste bazkide batekin. Hala eta guztiz ere, ez du baztertzen beste batzuentzat lan egitea: "Agian, hasteko bidea hori da, bide hau ere ez baita egun batetik bestera egiten". Jakin badaki lan sakrifikatua dela, eta alde "negatiboak" ere badituela: "Ustiategi bat izatean sartu behar diren orduek bakarrik jende asko atzera botatzen dute". Gauzak horrela, onartu du fabrikako bidea ez duela ahaztu.

Zailtasunak zailtasun, "kuriositate minimo bat" duen edonor animatuko luke Etxeberriak ikasketa horiek egitera. Klasean "oso giro ona" dutela azaldu du. Etxeberriak azaldu duenez, egoera ezberdinetatik iritsi dira ikasleak; batzuek ustiategiak "erdi martxan" dituzte; beste batzuk, ordea, ikastera doaz. Etxeberriaren asmoa da ikustea bide horretatik zer aukera izan ditzakeen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak