Garazi Billar: "Erromeria izango dugu aurtengo jaialdiko gaia"

Maialen Santos 2020ko urr. 2a, 11:51

Urriaren 17an egingo dute Oñatiko XII. Trikiti Jaialdia, Santa Ana aretoan. Bi saiotan egingo dute aurten. Sarrerak atzo jarri zituzten salgai, baina dagoeneko agortu dira. 

Lizargarate Trikitizale Elkarteko kidea da Garazi Billar. Azken urteetan trikiti jaialdiko antolakuntza taldean dihardu, eta uste du bereziki aurten "maila handia" egongo dela.

Hamabi urte daramatzazue jaialdia antolatzen. Zein bilakaera izan du?

Urteen poderioz indar handia hartu duela uste dut. Egia esan, hasieratik izan du erantzun ona, baina gogoan dut duela urte batzuk sarrera batzuk beti geratzen zirela sobera. Azken urteetan, baina, alderantziz da: sarrera guztiak agortu eta jendea joan ezinda geratzen da.

Nolakoa izaten da?

Gai baten inguruko jaialdia izan dadin saiatzen gara urtero. Gaia aukeratu eta horren arabera ekartzen ditugu parte-hartzaileak, edo alderantziz; horiek izendatu eta gero, gaia zehazten dugu. Edozelan ere, jaialdiari gure ukitua ematen diogu horrela.

Eta zein da aurtengo gaia?

Aurtengo gaia erromeria izango da. Osasun-krisiak behartuta aldaketa batzuk egin behar izan ditugu jaialdira begira, baina gaia pandemia aurretik ere bagenuen buruan.

Nortzuk dira parte-hartzaileak?

Zazpi bikote edo talde arituko dira, guztira, Santa Ana aretoan: Agurtzane eta Ion Elustondo; Jauregi, Gozategi eta Arrospide; Xabi eta Kris Solano eta DZ; Araitz, Josu eta Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga; Saioa Lizarralde eta Maddalen Artzallus; Tapia eta Leturia; eta Laja eta Lutxurdixo.

Nola aukeratzen dituzue?

Urtarril inguruan pentsatzen dugu nortzuk izango diren gonbidatuak. Gero, martxoan, Azpeitiko trikiti jaialdia egiten dute, eta horren ostean konfirmatzen ditugu Oñatiko gonbidatuak; ahal dugun heinean, trikitilari berak izan ez daitezen saiatzen gara eta.

Parte hartzaile guztiek dute erromeriarekin zerikusia?

Bai. Modernoa eta tradizionala uztartuko ditugu. Parte hartzaileak dira lehengo edo oraingo erromeria ezagutzen dutenak.

Trikitilari oñatiarrik ez da egongo...

Azken urteetan, hala izan zedin saiatzen ginen. Baina iritsi zen une bat lan zaila egiten zitzaigula. Maila handiko jaialdia da; konpromiso eta esfortzu handia eskatzen duena. Halere, herriko norbaitek parte hartu gurako balu, pozik hartuko genuke. Bestalde, aurten maila handia egongo dela uste dut. Esperientzia handiko trikitilariak dira.

Aurten, bi saio egingo dituzue...

Bai, osasun krisiak hala behartuta. Santa Ana aretoak 128 laguneko edukiera murriztua du orain, eta ekonomikoki jaialdia antolatzeak gastu bat dakar. Saio bakarrean eta hain ikusentzule gutxirekin ezingo genuke jaialdia aurrera atera. Era berean, jaialdia kultura sustatzeko modua da, eta aurten ez genuen hutsik egin gura; hasteko eta behin, parte-hartzaileek egiten duten lanari errespetua zor diogulako. Horrek guztiak eraman gaitu bi saiotan egitera.

Oñatiko jaialditik proiektu berriak sortu dira...

Amak taldea jaio zen jaialditik. Urte bateko gaia Emakumeak eta trikitia izan zen, eta Kristina Solano eta Amaia Oreja, eta, bestetik, Alaitz eta Maixa etorri ziren. 10. urteurrenean saiatu ginen urte guztietako parte-hartzaile bereziak elkartzen, eta laurak batu genituen. Gustura aritu ziren elkarrekin, eta gerora sortu zuten Amak taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak