Ikastaroak antolatzen hasi dira erretiratuak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ira. 29a, 10:04

Koadro bat margotzen

Errespetuz eta beldurrez bizi dute egungo egoera herriko erretiratu askok. Argi ikusten dute hori Pake Lekun zein Lagun Lekun. Elkarte bietan animatu dira, baina, ikastaroak antolatzera, "bizitasun apur bat" izateko bada ere.

Pake Lekun, esaterako, lau ikastaro antolatu dituzte: pintura, orratz lanak, yoga eta dantza. "Normalean, sei bat lagun edo apuntatu ohi dira ikastaro horietara eta horregatik erabaki dugu horiekin hastea datorren hilabetean. Pena barruraino sartuta dute askok eta bizitasun apur bat behar dugu denok. Horretan laguntzeko bada ere antolatu ditugu. Noski, segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dira ikastaro horiek. Distantziak mantenduko dira eta norberak bere materiala eraman beharko du, ezingo da ezer elkarbanatu", dio Pake Lekuko zuzendaritza taldean dagoen Anton Umerezek.

Lau ikastaro antolatu arren, beste makina bat bertan behera utzita dutela gaineratu du Umerezek: "Ez bakarrik ikastaroak, abesbatzak ere ez du entseatzen, esaterako, bingorik ere ez da egiten, ezta hitzaldirik ere, eta irteera guztiak suspendituta daude, noski".

Urrian hasiko dira

Lagun Lekun bizi duten egoera ere antzekoa da. Lokala itxita dute oraindik eta ez dakite noiz zabalduko duten. "Askok dute gogoa zabaltzeko, topaleku hori faltan igartzen dute. Baina beste batzuek garbi dute hobeto dagoela itxita. Ez da erraza egoera ulertzea eta erabakiak hartzea. Edukiera mugatua izango luke lokalak eta lehen baino gutxiago sartu ahal izango ginateke. Bestalde, batzuek, esaterako, kartetan egiteko ohitura badute, baina orain hori ere ezin da lehen bezala egin. Zaila da, bai. Hemen, baina, yoga egiten hasi gara batzuk eta urrirako ingeleseko eta joskintzako ikastaroak martxan jartzea pentsatu dugu. Egoeraren arabera joango gara gauza gehiago antolatzen", dio Lagun Lekuko kide Marilo Un-zurrunzagak.

Izena eman behar da

Erretiratuen elkarte batean zein bestean datorren hilabetean hasi gura dituzte ikastaroak, baina jendea apuntatu ahala hasiko dira margotzen, josten edo ingelesa ikasten. Dena dela, edukiera mugak eta distantziak mantendu beharra kontuan hartuta, komeni da izena aurrez ematea, taldeak hamarrekoak izan ahal direlako, gehienera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak