Naiara Goia Imaz (Segura, 1978) berrikuntzan aditua dela azpimarratu dute Arantzazu Gaur fundazioko kideek, eta 20 urteko esperientzia daukala nazioarte mailan proiektu estrategiko konplexuen koordinazioan eta jakintza-alor anitzeko pertsonen zuzendaritzan: “Bertako zein nazioarteko eragile erreferenteekin gizarte berrikuntzako ekimen aitzindariak gidatzen ibili da, etorkizuneko erronken aurrean gizarteko eraldaketak lurralde mailan bideratzeko”. Bestalde, Goiak azaldu du bere interesetako bat dela enpresa testuinguruan emakumearen lidergoa bultzatzea, eta baita horrek dituen “abantailak” agerian jartzea ere.
Laborategia, gizarte berrikuntzarako
Gandiaga Topagunean kokatuko den laborategiak ingurumena eta gizartegintza izango ditu ardatz bere jardunean; zehazki, azaldu dutenez, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa izango dituzte langai: “Abiapuntu horrekin, gizarte gizatiarrago, justuago, kohesionatuago eta lehiakorrago baten aldeko erreferentzia gune bilakatuko da Arantzazu”.