Mikel Mantxola: "Kluben arteko zatiketa ezabatu gurako nuke"

Maialen Santos 2020ko ira. 25a, 11:54

Gipuzkoako Eskubaloi Federaziorako presidente izateko hautagaitza aurkeztu du Mikel Mantxolak. Gaur egingo dituzte hauteskundeak; eta irabazteko aukerekin ikusten du bere burua.

Aloña Mendi eskubaloi klubera lotuta egon da betidanik Mikel Mantxola oñatiarra. Jokalari, entrenatzaile, epaile eta Gipuzkoako harrobiko selekzioen hautatzaile izan da azken urteetan. Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidente izan gurako luke orain.

Ze behar ikusten duzu Federazioan?

Egun dagoen egoera aldatzeko beharra ikusten dut. Klubak bi edo hirutan zatituta daude, eta epaileen artean ere badago banaketa hori. Gustatuko litzaidake zatiketa horiek ezabatzea; guztiek bat egitea, eta arazoak konpontzea. Uste dut nahiko ondo ezagutzen ditudala talde guztiak, eta helburu hori lortzea posible litzatekeela.

Banaketa horrek eragina du egunerokoan...

Eragin handia, bai. Euskal Federazioko erabakiak hartzeko orduan taldeak banatuta bagaude, beti irtengo gara galtzen. Ezer gutxi lor daiteke guztiok batera ez bagoaz.

Nor duzu hautagaitzan taldekide?

Viacheslav Kobin litzateke zuzendari teknikoa. 2003an iritsi zen Euskal Herrira eskubaloian jokatzera. Errusiako selekzioarekin ere jokatu izan du, eta azken urteetan arbitro lanetan dihardu. Markel Garralda ere funtsezko izango nuke taldean. Biak ala biak konfiantzazko pertsonak dira niretzat eta ondo baino hobeto ezagutzen dute Gipuzkoako eskubaloia zein egoeratan dagoen.

Zein ardatz jarraituko duzue?

Aurten tokatuko da ikustea osasun egoera nolakoa den, eta argi daukat COVID-19ak lehentasuna izango duela une oro; osasuna jarri gura dudalako lehen lerroan. Lehiaketa izango da zerrenda horretan bigarrena, baina ikusi beharko dugu Osakidetzatik, Jaurlaritzatik, Foru Aldunditik... zer dioten.

Lehiatzeko aukerarik ikusten duzu?

Nolabait lehiatu beharko dugula uste dut, baina ez ohiko moduan. Momentu honetan koronabirus kasu positiboren bat badago, taldekide guztiak konfinatu behar dira, eta horrek dakar ikasketak edota lana alde batera uztea. Eta jokalari amateurrek ezin dute horrelakorik onartu.

Kalitate aldetik, nola dago Gipuzkoako eskubaloia?

Indartsu dago. Bidasoa eta Bera Bera Europa mailan daude. Eta azken hau txapelduna izan zen ligan. Bidasoan ere gutxienez bost jokalari gipuzkoar daude, eta maila horretan ordezkariak izatea seinale oso ona da. Bestalde, emakumezkoetan gertatzen da oso goiz egiten dutela alde taldetik. Izan ditugu Estitxu Berasategi eta beste emakume batzuk lehen mailan, baina, azkenean, utzi egiten dute. Uste dut maila gorenera salto handia dagoela. Lan egin beharko dugu.

Eta nola dago eskubaloia Debagoienean?

Osasuntsu dago. Arrasaten, esaterako, sekulako lana egiten dute jendea kirol honetara erakartzeko. Kontuan hartu behar da herri horretan errugbia, saskibaloia, futbola... ere badaudela. Bergaran ere hortxe dabiltza; emakumezkoen taldea sortu dute, eta hori pozgarria da.

Gaur dira hauteskundeak. Nola ikusten duzu zeure burua?

Gutaz gain, beste plataforma bat ere aurkeztu da hauteskundeetara; orain arte egon denaren jarraipena. Beraz, aukeren erdiak ditut nire alde. Halere, irabazteko aukerekin ikusten dut neure burua. Federazioko 27 klubek, sei jokalarik, hiru entrenatzailek eta bi epailek izango dute botorako eskubidea.

Presidente aukeratzen bazaituzte, zer egingo duzu lehenbizi?

Klub guztiekin hitz egin –orain arte egin dudan moduan–, eta leku bakoitzean ze arazo dauden ikusi beharko da. Bestetik, emakumeen afera ere garrantzitsua iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak