Astean kulturako zinegotziak "zentzudunak izateko" eskatu duen moduan, gauza bera eskatu du EAJko udal taldeak prentsa ohar bidez: "zentzuz eta arduraz" jokatzeko, “elkar zaintzeko garaia” dela gaineratuz.
Jeltzaleek azaldu dute oharrean joan den egubakoitzean izan zutela bilera Udal Gobernuko ordezkariekin beraiek hala eskatuta, “ez jai”-etarako udaletik aurreikusitakoaren berri ofizialik ez zutelako eta herritarrak "ez jaien" ospakizunekin egonezina eta kezka adierazten ari zitzaizkielako. Hala, "EH Bilduren udal-gobernuak osasun-neurri guztiak hartu eta segurtasuna bermatuko den konpromisoa azaldu ondoren, lasaiago dago EAJren udal-taldea".
Datekin desadostasuna
Jeltzaleek gaineratu dute oharrean kultura ekitaldiak egitearen alde daudela, baina ez datozela bat datekin, jairik ez dela egingo adierazten duen mezu garbiena ezer ez antolatzea delako euren iritziz. Hobeto ikusi dute, "beste herri batzuetan egin duten moduan, jai-egunean inolako ekitaldi publikorik ez antolatzea (Arrasate, Bergara, Bilbo, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Lekeitio, Mundaka…): uste dugu jairik ospatuko ez den mezua argiago emango dela era horretan".
Gauden egoeran egonda, "oñatiarrek gure herriak merezi duen erantzuna emango" duten "ziurtasuna" dute jeltzaleek.