Bi zapelatz berriz ere aske Arantzazun

Txomin Madina Milikua 2020ko ira. 19a, 16:16

Azken asteotan Igeldoko Arrano Etxean zaindu eta osatu dituzten bi zapelatz aske geratu dira goizean Arantzazuko Parketxean. Berriz ere libre utzi aurretik Imanol Biain basozainaren, Arrano Etxeko boluntario baten eta Parketxeko arduradun Nerea Tauscheren azalpenak entzun dituzte bertaratu direnek: zelakoak diren zapelatzak, zergatik zeuden zaurituta, nolakoa da Arrano Etxean egiten duten lana...

Euria hasi dela eta azken momentuan zalantzak piztu diren arren, bi zapelatz askatu dituzte gaur Arantzazun.

Bi hegaztiak aurten jaso dituzte Gipuzkoako toki ezberdinetan, zaurituta eta ahul, eta Arrano Etxean egon dira sendatu bitartean. Behin ondo daudela ikusita arduradunek Arantzazuko Parketxea aukeratu dute bi zapelatzak berriz ere naturan murgiltzeko.

Zapelatza gure inguruan bizi den eguneko harrapari ohikoena da, habitat ezberdinetara oso ondo egokitzen dena. "Oso ondo moldatzen da zelaietara, baserri inguruneetara...Hemen askatu eta gero eurek erabakiko dute nora joan. Baina Arantzazun bertan ere ugari daude", azaldu du askatzearen gidarietako bat izan den Imanol Biain basozainak.

Euria dela eta, zalantzak

Askatu aurretik, Biainek berak, Arrano Etxeko boluntario batek eta Arantzazuko Parketxeko arduradun Nerea Tauschek azalpenak eman dizkiete ekitaldia bertatik bertara jarraitu gura izan dutenei. Asmoa zen azalpenen ostean, beharrezko segurtasun neurriak hartuta, ume zein nagusiek zapelatzak gertuagotik ikusi eta argazkiak atera ahal izatea. Baina euria hasi denez eta ez denez komeni horrelako askatzeak euri asko egiten duenean egitea, zalantzan egon da egin ala ez. Azkenean egoerak okerragora egin aurretik utzi dituzte libre, bertaratutakoen txalo eta harridura oihuen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak