Ana Mari Markuleta: "Elkarbizitzaren alde egitea da presoen alde egitea"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko ira. 19a, 13:00

"Urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian presoen alde", dio Sare taldeko Ana Mari Markuleta oñatiarrak. Debagoienean, 29 mendi tontor igoko dituzte.

Izan Bidea dinamika abiatu zuen Sarek maiatzean. Zein da balorazio orokorra?

Oso ona. COVID-19ak baldintzatutako urtea da. Konfinamendua amaitu eta kalera ateratzearekin batera Izan Bidea abiatu genuen eta udan zehar izugarria izan da dinamikarekin bat egin duten herri, herritar eta eragileak. Ekimen ugari izan dira: bizikleta martxak, giza kateak, manifestazioak, mendi irteerak... Egoerara egokituta.

Zenbat lagunek hartu dute parte?

Maiatzean aurkeztu genuenetik 428.000 kilometro egin ditugu izena eman dugun 3.600 lagunen artean. Aplikazio berezi baten bidez neurtzen dugu hori. Egunetik egunera geroago eta gehiago gara sarea osatzen dugunok. Urriaren 3koa izango da herririk herri egingo den nazio mailako dinamika. Ez da amaiera izango; beste mugarri bat.

"Ezin da presoen egoera luzatu. Etxerako itzulera graduen arabera gauzatu behar da"

"Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia" dela esaten diozue Espainiako Gobernuari.

Salbuespeneko espetxe politika behin betiko alboratu behar du. Une egokia da. Pandemiak lagun dezake. Euskal erakundeen babes osoa dugu. Ozen esan dugu garaia dela euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko. Espainiako Gobernuan dauden alderdien ordezkariek azaldu dute egoera amaitzeko nahia. Beraz, zeren zain daude ekintzetara pasatzeko? Ezin da egoera luzatu. Etxerako itzulera graduen arabera gauzatu behar da.

Presoekiko urruntze politika salatu dute oraingo astean Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta Podemosek. Ze inportantzia ematen diozue horri?

Garrantzitsua da. Bidea hori da. Baina, benetan, gai hau agenda politikoan sartu behar da eta erabakiak hartu. Elkarbizitza eta bakearen alde egitea da presoen eskubideen alde egitea. Gaia ezin daiteke usteltzen laga, denon kalterako izango da eta.

Espainiako Gobernua ari da urratsak egiten presoak Euskal Herrira hurbiltzeko?

Oso pauso txikiak. Gerturatze batzuk izan dira, baina Ez nahikoa izango litzateke jarriko geniokeen kalifikazioa. Aske geratu diren preso gehienak zigorra azkenera arte bete ostean atera dira. Etxetik oso urruti daude preso gehienak eta familiek ezin dute hori sufritu. Pandemiaren ondorioz, senideak ikusi barik daroatzate, urte erdiz, presoek.

"Aldi berean, Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igoz, gure aldarria eroan gura dugu"

Baikorrak zarete hurrengo hilabeteetan beste urrats esanguratsuagoak egin daitezkeelako?

Eskubide eta derrigortasun kontua da. Ez dugu ikusten erabaki ausartik presoen gaia konpontzeko. Mugimendu txikiak bai. Ez nahikoak. Jendartearen bultzada behar dugu leihoa parez pare irekitzeko, eta horretarako, Izan Bidea dinamika egokia da. Horretan bai gara baikorrak. Herritarren bultzadan sinisten dugu. Gizarte aktibazioa eta erakundeen uztarketa landuz, auziari behin betiko irtenbidea eman gura diogu.

Urriaren 3an Euskal Herriko mendi tontorretan aldi berean eroan nahi duzue aldarria.

Euskal Herrian inoiz egin den erronkarik handiena jarri diogu geure buruari eta herritar zein eragileei. Aldi berean, Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igoz, gure aldarria eroan gura dugu. Debagoienean, konkretuki, 29 mendi tontor igoko ditugu: Bergaran, 9; Oñatin, 6; Aretxabaletan, 5, Arrasaten, 3; eta Antzuolan, Elgetan eta Eskoriatza-Leintz Gatzagan, bina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak