Arantzazuko Parketxea

Txomin Madina Milikua 2020ko ira. 8a, 22:15

Arantzazuko santutegiko Gandiaga II eraikinean dago eta hiru gunetan banatzen da.

2011ko otsailaren 14an inauguratu zuten Arantzazuko Parketxea. Gipuzkoako Sareko azkena. Parketxea Arantzazuko santutegiko Gandiaga II eraikinean dago eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren interpretazio zentroa da. Askotariko ekintzak egiten dituzten han; besteak beste, hezkuntza jarduerak eta ibilaldiak. “Parketxearen helburua da lurraldearen natura eta kultura hastapenei buruzko hausnarketa egin ahal izateko gune bat eskaintzea”, esan du bisita gidatuak egiten dituen Ane Egino bergararrak.

Hiru gune

Hiru gunetan banatzen da Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio gunea: harrera eta trantsizio gunea, Naturaren Gunea eta Kultura Paisaian gunea. “Natura, kultura eta espiritualtasuna bateratu gura ditugu gune honetan”, dio teknikariak. Hori guztiori lortzeko, hainbat baliabide dituzte: euskal basoaren errekreazio abstraktua sinkronizatutako argi sistemarekin; artzainek mendiko larreetan egiten duten lana laburbiltzen duen formatu handiko proiekzioa; eta, artzaintzaren inguruan sakontzeko gunea.

Askotariko elementuak bai, baina, zalantza barik, elementurik ikusgarriena Gipuzkoako eta Euskal Herriko ikuspegi orokorra eskaintzen duen maketa erraldoia da. 28 metro koadro ditu. Aizkorri-Aratz 2006an izendatu zuten parke natural. 15.919 hektarea ditu eta Aitxuri da tontorrik altuena, 1.551 metrorekin. “Bisitariei asko gustatzen zaie maketa. Zilar-paperarekin forratuta dagoela dirudi, eta ukitzeko maketa da. Testura ezberdinak ditu: zelaiak, basoak eta haitzak ezberdintzeko. Leunak zelaiak dira, zimur samar daudenak basoak, eta erabat zimurtutakoak haitzak”, adierazi du Eginok.

28 metro koadro dituen zilar koloreko maketa.

Maketan ikus daitezke Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Zaraia eta Aitxuri tontorrek eraturiko lerroak. Bizkaiko Golkoaren eta Mediterraneoaren urak banatzen dituena. “Ikusleak oso gustura ibiltzen dira maketaren inguruan. Museoetan daudenak ikusi bai, baina ezin dira ukitu. Era berean, ezustekoa hartzen dute tontorrik altuena Aitxuri dela jakitean. Gehienek, Aizkorri dela uste dute. Akaso, ezagunena delako edo... Ikusgarria da maketa, eta oso erakargarria”.

Zuhaitz didaktikoak

Gipuzkoako isurialdeko basoa irudikatzen den gunean pagadiak dira nagusi. Gorrixka koloreak eta txorien kantuak girotzen du gunea. “Bost zuhaitz didaktiko daude erdian. Mendeetan zehar gizakiak eta basoak izan duten harremana azaltzen da”, esan du Eginok.

Natura, kultura eta espiritualtasun txokoak ditu oinarri interpretazio guneak

Era berean, hainbat elementu ikus daitezke basoan eta baita horren gaineko informazioa jasotzen duten paneletan. Adibidez, Okil beltzari buruzko informazioa eta zuhaitz lepatuen eta enbor zenduen gainekoak.

Artzaina eta makila

Mendizerra gehienetan moduan, Aizkorri-Aratzen ere ardiek presentzia handia dute. Artzainaren txokoan ogibide horren gaineko informazio zabala ematen da. Makila gabe artzaina, nekez artzain irakur daiteke gune horren sarreran. “Makila ezinbesteko laguna da artzainarendako: artaldea gidatzen laguntzeko, txakurrari aginduak emateko, nekatuta dagoenenean deskantsatzeko...”, dio Eginok.

Era berean, ardien gainean azalpenak ematen ditu: “Gurean dauden ardi gehienak latxa mutur beltzak dira. Badaude beste bi mota, mutur zuriak eta Karrantzakoak. Latxak zergatik diren ikusteko, artilea ukitzeko aukera dago. Gainera, artzainek eta ardiek erabiltzen dituzten gailuak ere badaude”.

Artzainak erabiltzen dituen gailuak.

Ardien gaineko datuak eta ezaugarriak, artzain bati elkarrizketa eta artzainek ardiekin berba egiteko moduan irakurtzeko eta entzuteko aukera ere badago han.

Bitoriano Gandiaga

Arantzazuko Parketxeko bisita gidatua Pertsonen basoa delako gunean bukatzen da. Espiritualtasuna irudikatzen duen gunea, hain justu ere. Itzalak eta Bitoriano Gandiagaren poemak dira hango protagonista. “Bakarka, bikoteka eta umeekin dauden pertsonen itzalak ikus daitezke pareta zurien gainean. Alboan, Gandiagak idatzitako poema zatiak irakur daitezke. erlaxatzeko eta hausnarketarako gunea da”, dio.

Parketxea bera ezagutzeko bisita gidatuez gain, bestelako eskaintza ere badute. Adinaren arabera, askotariko jarduerak dituzte ikastetxeendako; eta baita ibilaldiak ere: ordubete, bi ordu edo lau ordukoak. informazio gehiago, Gipuzkoamendizmendi.net atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak