Bidaurreta eliza

Txomin Madina Milikua 2020ko ira. 7a, 20:21

Oñatiko Bidaurreta eliza. (Euskadi.eus)

Juan Lopez de Lazarragaren eta haren emazte Juana Ganboarendako ehorzleku izateko eraiki zuten.

Oñatiko Bidaurretako klaratarren monasterioa da Gipuzkoako lehen moja-komentua. XVI. mendekoa: 1510ean hasi eta 1520an bukatu zuten. Herrian dagoen altxorretako bat da, eta Juan Lopez Lazarragaren aginduz eraiki zuten.

Ehorzlekua

Lazarragatarrek Torreauzon izan zuten sortetxea. Handik, udaletxe ondoan dagoen Lazarraga jauregira joan ziren. Han zegoela, familiakoak ehorzteko kapera bat gura zuela erabaki zuen. Oñatiko kondeari baimena eskatu zion parrokian kapera egiteko, eta, haren ezezkoaren ostean, familiaren lurretan monasterio bat egitea erabaki zuen. “Olakua dorrea dagoen parajea zen Bidaurreta. Han baserria zuen eta hango lurretan eraiki zuen monasterioa”, esan du Jerardo Elortzak.Orduko erabaki hark arazoak sortu zizkion Oñatiko kondearekin. Liskarrak izan zituzten, baina Lazarragak babesle inportanteak izan zituen: Isabel Erre-ginaren konfiantzazko gizona izan zen hura hil zen arte. Kon-tu-hartzaile nagusi izendatu zuen, eta 1502ko maiatzean idazkari nagusi. Erreginaren testamen-tuan ere agertu zen.

Armarriak

Juan Lopez Lazarragarendako eta haren emazte Juana Ganboarendako ehorzlekuak hainbat estilo bateratzen ditu: gotikoa, pizkundea eta mudejarra. Azken hori, bereziki, klausura eremuan, klaustroan eta mojen jangelan.Bi fatxada ditu elizak eta bietan armarri erraldoiak dira protagonista: errege katolikoena eta frantziskotarrena. Tamainaz txikiagoa dira lazarragatarren eta ganboatarren armarriak. “Bidaurreta elizaren kanpoaldean eta barrualdean behin eta berriz daude bi armarri txikiak. Lazarragatarrenak oreina eta arranoa ditu eta ganboatarrenak hiru bihotz”, aipatu du Elortzak.

Barrokoa

Bidaurreta elizara sartu orduko, aldare nagusia ikusten da. Barroko estilokoa. Urreztatu gabeko egurrean egindakoa eta Ama Birjinaren koroatzea irudikatzen duena. Zirriborroa Jacinto Sierra frantziskotarrak egin zuen. Medina de Riosecokoa (Valladolid) zen jaiotzez eta hango tailer baten egin zituzten erretaula nagusiko irudi gehienak.

Ama Birjinaren koroatzea irudikatzen duen barroko estiloko erretaula.

“Irudiak margotuta daude, baina erretaula urreztatu barik dago. Erretaula aberatsa da, irudi piloa ditu. Irudietako batzuk ezkutatuta daude, baina bukaera onekoak dira. Garai hartan dirua galanki gastatu zuten erretaula barrokoa egiten”, azpimarratu du historialariak. Ama Birjinaren zeruratzea irudikatzen duen erretaulan argi naturala sartzeko leiho bat zabaldu zuten elizaren goiko aldean. Han zegoan errege katolikoen armarria kendu egin zuten leihoa egiteko. Handik kendu ziren harrietako batzuk Artxubi baserrira eraman zituzten, hango leihoetako baten ipintzeko.

Egungo erretaula nagusia barroko estilokoa da eta jatorrizkoa, platereskoa

Platereskoa

Erretaula barrokoa da egungo aldare nagusian dagoena, baina, jatorrian, Pizkunde garaiko beste bat zegoen haren lekuan. Eliza 1520an eraiki zen eta bi urteren ostean hasi ziren urre koloreko erretaula egiten. 1533. urtean buka-tu zuten. Juan Olazaranek egindako erretaula da. Gipuzkoako lehen erretaula platereskoa izan zena. Lehenengo gorputza Testamentu Berriari buruzkoa da eta bigarrena, Zaharrari buruzkoa. “Oñatin platereskoak utzitako lehen lagina da erretaula hori. Ostean etorri ziren parrokian dagoen Zuazolaren erretaula eta unibertsitateko fatxada nagusia eta kapera”, esan du Elortzak.Erretaula platereskoa 1753an kendu zuten abside nagusitik eta toki txikiago baten gorde zuten. Horretarako, zati batzuk kendu zizkioten erretaulari. Kapitulu-gelan egon zen 200 urte bai-no gehiago, eraberritu eta elizara eramatea erabaki zen arte. 1968. urtean izan zen. “Egun, egoera oso onean dago erretaula platereskoa. Eraberritze lan oso ona egin zen. Akaso, jatorrizkoarekin alderatuta, gehien aldatu dena erdiko zutabea izan da. Erdiko kalea zabalegia da beste biekin konparatuta”, esan du oñatiarrak.

Erretaula platereskoa.

Tornua

Klausurako klaratarrak dira Bidaurreta monasterioan bizi direnak. Euren harrera-lekuan tornu bat dago. Herritarren eta mojen arteko komunikazio bide bakarra izan da. “Mojen etxera behar-beharrezkoa zenean bakarrik sartzen ziren: sendagilea, langileak... Beste hartu-eman guztia tornuaren bidez egiten zen. Orain, txirrina eta kristala daukate. Lehen, kanpaia besterik ez. Gainera, ez zuten elkar ikusten barruan eta kanpoan zeudenek”, dio.

Tornua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak