Aurreko ikasturtean hasi ziren datorrena prestatzen Oñatiko hiru ikastetxeetan. Momentuko protokolora eta agindu eta gomendioetara egokitu dituzte lehengo lanketak, eta datorren aste honetatik aurrera ikasleak hartzeko prest dute dena. Presentzialak izango dira eskolak ikasturte hasieran, eta ikasturte osoan horrela izatea da hiru ikastetxeen nahia. Horretarako prest daude eta horrek izango du lehentasuna, baina eskolak etxetik telematikoki jarraitu beharra tokatu daitekeela ahaztu barik.
Aparkalekuak oinezkoendako
DBHra arteko gehienak 21ean hasiko dira goiz eta arratsalde eskolan, eta, hain zuzen ere, sartu-irteneko ordutegia malguagoa izango da aurten ikastetxeetan. Ordu laurden lehenago sartzen eta ateratzen hasiz eta bost minutuko tarteak gordeta txandaka eginez, esaterako. Izan ere, jende pilaketa da, ikastetxeetan ere, saihestu gura den puntuetako bat. Eta, horri lotuta, Udalarekin batera, ikastetxe kanpoaldeko aparkalekuak kendu egingo dituzte datorren gaurtik aurrera. "Ikastetxe bakoitzaren ondoan dauden aparkalekuak kendu edo errepideko errei bat oinezko bihurtuko da irailaren 7tik 25era, mugikortasun ekintzen barruan. Modu horretara, sartu-irtenetan sortzen diren jende pilaketak ekidin gura dira. Toki horiek oinezkoendako izango dira 24 orduz epe horretan. Epea pasatutakoan bilera bat eta balantze bat egingo dugu guztion artean, horrela jarraitu edo zerbait aldatu behar edo ahal den ikusteko eta erabakitzeko", dio Alaitz Kortabarriak, Hezkuntza zinegotziak.
Kaleko espazioetan eskolak
Horrez gain, kaleko hainbat espazio ikasgela bihurtzeko azterketa ere egin dute Udalak eta hiru ikastetxeek. Kortabarriak baieztatu duenez, ikastetxe bakoitzak bere inguruan dauden kanpoko espazio zabalak erabili ahal izango ditu jolastorduetarako edo edozein eskola ema-teko; betiere, beste gela batekoekin elkartu barik. Gune horiek identifikatuta dituzte, eta beharra dutenean erabiliko dira. Bestalde, ume bakoitzak bere materiala –margoak, errotuladoreak, plastilina...– eramateko gomendioa egingo dute ikastetxeek, eta gela gehienetan, adinaren arabera, banaka eseriko dira.
Eraikin barruan dituzten espazioen erabilera ezberdina da batean edo bestean; liburutegiaren kasuan, esaterako, erabilgarri egongo da toki batzuetan, baina gela bakoitzeko liburutegia material gehiagorekin hornitu dute beste batzuetan eta liburutegia ez dute erabiliko. Jangeletan ere moldaketak egin dituzte denetan, espazioari edo ordutegiari begiratuta. Garraioa, aldiz, berdina izango da; han ere maskara eraman beharko dute ikasleek. Eskolaz kanpoko ekintzarik ez da egongo ikastetxeetan.
Gela barruan ikasleen artean kasu positibo bat atzemanez gero nola jokatu ere jasota dute ikastetxeek euren kontingentzia planetan.
Gaztelekua eta Larraña
Eudelek udalei eskatu die bidaltzeko erabilgarri dauden espazio publikoen zerrenda. Udalak gaztelekua apuntatu du zerrenda horretan, espazio gehiagoren beharra herriko zein ikastetxek eduki dezakeen aztertuaz eta eurekin berba eginaz. Gaztelekua hezkuntzarako erabiltzea tokatuz gero, baina, ohiko zerbitzua ahalik eta gutxien eteteko moduan erabiliko litzakete. Baina udal eraikinak ez ezik, beste erakunde batzuetakoak direnak ere sartu ditu zerrenda horretan, Larraña eta Artxiboa, esaterako, hango gela batzuk ere erabiltzeko moduan egon daitezkeen edo ez aztertu dezan Hezkuntza Sailak. Espazio berrien gaia joan den ikasturtean hasi ziren lantzen Udala eta herriko ikastetxeak.
Horrez gain, Udalak mugikortasun aktiboa bultzatuko du eta DBH mailako eraikinen ondoan bizikletendako aparkaleku estaliak egingo ditu; prozedura martxan dago dagoeneko. Bestalde, eskolak etxetik online jarraitu beharra tokatuz gero, Udalak berriz banatuko ditu SIM txartelak Izarkom kooperatibaren laguntzarekin, herriko ikasle guztiek eskolak telematikoki jarraitu ahal dezaten.