San Migel errota

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 3a, 21:19

Oñatiko Turismo Bulegoan errota eta bertan erabiltzen duten tresneria ikus daiteke.

XV. mendekoa da, Oñatiko Turismo Bulegoan dago eta jatorrian Oñatiko kondeen jabetzakoa izan zen.

Oñatiko kondeak gutxienez hiru errotaren jabe ziren XV. mendean: Olaldekoa, Linatzibarkoa eta San Migel errota. Azken hori 1432ko agirietan agertzen da. Errota hori San Migel monasterioaren jaun-ondasunen zatia zen eta haren patroi laikoek –Oñatiko kondeak– hamarrenak jasotzeko erabiltzen zuten. “Errotan egiten ziren hamar kilo produktu bakoitzeko, kilo bat jasotzen zuen kondeak. Izan arto-irina edo gari-irina”, esan du Turismo Bulegoko teknikari Jaione Elortzak.

Jatorriz Oñatiko kondeena zen errotak hainbat jabe izan ditu, baina leku berean dago: gaur egungo Turismo Bulegoaren egoitzan.

Hamarrena, kondearentzako

Kondearen instalazioak erabiltzeko obligazioaren kontrako hainbat auzi egon ziren: 1482, 1583, 1627, 1658 eta 1741. urteetan. Nekazarien eta kondearen arteko azken hitzarmena 1787. urtekoa izan zen. Urte haietan guztietan, hamarrena jaso zuen.

1899ko industria erroldan ez da San Migel errotaren erreferentziarik agertzen. Ordurako, etenda zuen produkzioa, baina egitura hidraulikoa mantendu egin zen eta beste industria mota batean erabilgarri izan zen. Errotaren kanaleko ura herriguneko etxe eta ortuetan erabiltzen zen. Santa Ana monasterioko mojek baratzean erabiltzen zuten. Bestalde, Lekunberrin (Nafarroa) zegoen bainuetxe batek Oñatiko ura erabiltzen zuen hiru bainuontziak betetzeko.

Santa Anako mojek erosi zuten errota 1905ean, eta, Udalak, 1983an

Santa Anako mojak

1773ko uholdeen ostean, urak gainezka egin zuen Santa Ana monasterioaren eraikinaren gainetik. Dena den, urte batzuk geroago, 1905ean, mojek erosi zioten errota orduko jabe Juan Gordoa Pereari. “Orduko erreka gaur egun Zubikoa kiroldegiko aparkalekua dagoen lekutik pasatzen zen, eta Santa Anako mojek eskura zuten orturako, etxerako eta garbiketak egiteko”, dio Elortzak.

1923-1926 urte artean berrikuntza lanak egin zituzten ubidean, eta turbina berria ipini zuten. 1929an aroztegi-zerrategi lanak egiten hasi ziren San Migel errotan. Jarduera harekin jarraitu zuen XX. mendearen lehen hamarkadetara arte. Hasierako urteetan indar hidraulikoa erabiltzen zuten, eta, geroago, argindarra.

Udalak erosi zuen

1983an Oñatiko Udalak erosi zuen errota. Mojak herrigunetik Garagaltza auzora joan zirenean, Udalak hartu zuen bere gain errota. “1997an eraikina bota zuten etxebizitzak egiteko San Juan kalean, baina etxabean irina egiten zen garaitik zeuden aztarna arkeologikoak mantendu egin zituzten”, azpimarratu dute teknikariek.

Etxebizitzak egin ostean, urte batzuk geroago, Turismo Bulegoa egokitu zuten beheko solairuan eta errotara bisita gidatuak egiten hasi ziren.

San Migel  errota.

Jatorrizko elementuak

San Migel errotak jatorrizko elementuak mantentzen ditu, eta baita beste leku batzuetatik ekarritako piezak. “Errota mugitzeko erabiltzen zen ura biltzeko deposituak berberak dira, nahiz eta orduko ubidea desagertu egin den. Irina egiten erabili zen azken errotarria ere ikusgai dugu, baina, apurtuta dagoenez, ezin izan digu etekinik atera. Bestalde, jatorrizko elementuetan aipagarrienak dira kokapena eta egitura orokorra”, diote Turismo Bulegokoek.

San Migel errotak bi tobera (tolva) zituen eta ditu, nahiz eta horietako bat ezin duten martxan ipini turistei erakusteko. “Garia ehotzeko erabiltzen zen turbina egurrezkoa zen, eta, uretan egonda, usteldu egin da. Aurretik, jatorrizkoa hondatu egin zen eta pago-zurez berregin zuten”, adierazi du Elortzak.

Artoa eta garia ehotzeko harriak eta turbina eta harriak aldatzeko garabi-besoa Bergarako Narbaizabolu-Goikoa errotatik ekarri zituzten. Tobera berriak–alderantziz dauden kono itxurakoak– Lasturko (Deba) Lastur Goikoa errotakoak eredu hartuta egin ziren. Horietan biltzen da harrira jausi aurretik irin bihurtuko den alea.

Errotaren funtzionamendua garbiago ikusteko, harrietako bati gainean zuen kaxa kendu diote.

Balantza ere ikusgai

Bisitan doazen turistek beste hainbat elementu ikus ditzakete Turismo Bulegoan. “Errotan egiten ziren irin motak eta prozesua erakusten ditugu, eta hamarrena kobratzeko erabiltzen zen balantzetako bat. Burdinazko pisuak ere baditugu. Balantza eta pisuak ez dira XV. mendekoak, baina aspaldikoak dira. Ez dira erreplikak”, esan du Elortzak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak